M. Sukia: “Lana da sekretu bakarra”

Jon Agirresarobe 2017ko aza. 30a, 15:30

Herri baten bizimodua errezeta liburutan jasotzen da. Lagunarteko otorduak; etxeko jan ohiturak; baratza, ibaia eta itsasoa; jatetxeetako sukaldeak... ikasteko lekuak dira denak. Mahaiaren bueltan gauza asko egin daitezke. Interesgarrienak bi: jan eta berriketan egin. Goazen Orioko errezeta liburua idaztera.

Maider Sukia Etxeberria
Potxak

Lana al da sekretu bakarra?

Etxean hala ezagutu dugu umetatik. Esaterako, udan belarretara joaten ziren familiakoak. Nik berdea zapaldu orduko alergia izaten nuen eta sukaldean irakatsi zidaten. Arratsaldero familia osoarentzat otordua prestatzen nuen oso gazterik. Hamabost urterekin hasi nintzen Kanpineko tabernan, Joxe Marirekin eta Doritarekin. Bi uda izan ziren eta oso oroitzapen ederrak ditut. Hamaika barre egindakoak gara Juanita Etxaide eta biak. Aste Santu bueltan hasi eta udan amaitu arte egoten ginen. Aterpe tabernan aritu nintzen gero: Inaki Makazagarekin aurrena, nire kontura gero.  2006. urtean, 20 urterekin, neronek hartu nuen tabernaren ardura. Aterpe izan zen nire unibertsitate karrera, bost urtekoa. Lehen umea izan baino hilabete lehenago utzi nuen.

Ostalaritza ez da ordutegiz eta aldartez ofizio samurra. Zure kasuan miraria ere bada, hiru umeren ama zaren aldetik. Nola uztartzen dituzu bi etxeak?

Tabernako lana lotua da. Aste barruan goizez etortzen naiz, hamarrak eta erdiak aldera. Ahal dela lauretan amaitzen dut lan jarduna, umeak Ikastolatik jaso ahal izateko. Hori bai, ostiraletik igande gauera tabernan egoten naiz. Sukiak, dagoen lekuan dagoelako, umeak bueltan ibiltzeko aukera ematen du. Haur txikiak esku gehiago eskatzen du, baina behin pixka bat hazten direnean ederki egoten dira taberna inguruan jolasean. Txominen, Kattalinen eta Eñauten haurtzaroaren parte izango da Sukia, auzoko umeekin ibiltzen dira. Oporretan izan berri gara eta bueltakoan hala galdetzen zidaten: noiz joango gara Sukiara?

Sukia ingurua leku berria zen taberna jartzeko.

Gogoan dut Egoitz senarra eta biok Veneziako autobus geltoki batean geundela amak deitu zidala: Udalak gaur taberna dagoen lokalaren lehiaketa zabaldu zuela esateko deitu zidan. Aitak eta amak izan zuten ideia eta gurasoek asko lagundu didate. 2013. urteko maiatzean ireki genuen eta konturatzerako pasa zen lehen uda, eromena izan zen. Negua, berriz, gogorra, ez zen gaur adina jende bizi auzoan. Baina orain herritar asko etortzen da, lau bezerotik hiru oriotarrak dira. Oso eskertu nago, neguan auzoko edo herriko taberna gisa funtzionatzen du. Etxeko tratua ematen saiatzen gara, xume eta taxuz emanez.

Etorri izan gara sagardo ezberdinak probatzera. Sukian duzuen sagardo aukera leku gutxitan topatzen da.

Tabernetan sagardo aukera bakarra egoten da, gehienetan bai behintzat. Jatetxe on askotan ere bakarra izaten da sagardoa. Anaiak esan zidan aukera ugaritzeko. Bi edo hirurekin hasi ginen eta dozena erdi baino gehiago dauzkagu orain, bederatzi ere kontatu izan ditut. Aukera eta prezio ezberdinekoak, noski. Sagardo motak eta etiketak ere ugaritzen ari dira eta jokoa ematen du bat eta beste probatzeak.

Aukeran, kanpoko edo barruko lana zer duzu nahiago, sukaldea edo zerbitzatzea?

Biak ditut gustuko, eta uste dut negozioaren martxari tankera hartzeko biak tartekatu behar direla. Lehen urteetan sukaldean egoten nintzen, baina jendearekin egotea ezinbestekoa da: zein datorren ikusi, bezeroekin hitz egin...

Ez zarete asko gazte ekintzaileak. Alde handia al dago besteen tabernan lan egitetik norbere negozioa eramatera?

Gaztetan egin behar dira horrelakoak. Hogei urterekin eman nuen saltoa eta ez nintzen oso kontziente, oso azkar pasa dira urte hauek guztiak. Gogoratzen dut, esaterako, hornitzaileekin prezioak adostea ez zitzaidala batere samurra egin lehen urteetan. Baina gaztea nintzen eta lana egin nahi nuen, hori nuen buruan. Gaur egun umeekin eta lotura gehiago ditut, neurria hartzen saiatzen naiz. Hori bai, lana da sekretu bakarra. 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!