Mahai inguruko lehiak

Berria | Asier Arrate Iruskieta 2018ko urt. 18a, 16:23
Dublindarrak antzezlanaren zuzendariak eta aktoreek lanaren nondik norakoak azaldu zituzten aurkezpenean, atzo, Bilbon. (Argazkia: Luis Jauregialtzo).

Ados konpainiak James Joyceren 'Dublindarrak' liburuan oinarritutako antzezlana estreinatuko du hilaren 26an, Bilboko Arriagan. Garbi Losadak zuzendu du lana. Iñake Irastorza aktore oriotarrak hartu du parte antzezlanean.

Afarietan, elkartzearen poztasuna zenbait gairen inguruko eztabaidekin eta mundua ulertzeko askotariko ikuspegiekin nahasten da. James Joycek XX. mende hasierako Irlandaren argazki gisa irudikatu zuen Dublindarrak liburuko Morken andreen etxeko afaria. Ia ehun urte geroago, istorio hori antzezlan bihurtu du Ados konpainiak, eta plazaratzen dituen eztabaidak inoiz baino gaurkotasun handiagoa dutela adierazi du Garbi Losada zuzendariak. Hilaren 26an estreinatuko dute lana, Bilboko Arriaga antzokian.

Dublindarrak liburuan, Joycek XX. mende hasierako Dublin irudikatzen du, hamabost istorio laburretan. Independentzia aurreko urteetan, Irlanda mundu zaharraren eta berriaren artean zegoen, eta askotariko ideologia politikoek, erlijioak eta balio zaharrei eusteko borrokak sortutako paralisia deskribatu nahi izan zuen idazleak. Liburuan egin zuen Irlandako gizartearen irudikapena literaturako lanik ezagunenetakoa bihurtu zen. Hala ere, antzerkirako oso moldaketa gutxi izan ditu. Garbi Losadak bere gain hartu du erronka.

Losadaren moldaketak liburuko istoriorik ezagunena du ardatz: Hilak. Antzezlanaren istorioa Dublinen girotuta dago, 1904. urteko Errege egunean. Egun horretako afaria aitzakiatzat hartuta, hainbat gai eta ikuspuntu ekarriko dituzte pertsonaiek mahai gainera: tradizioa, berritasuna, balore zaharrak, erlijioa, abertzaletasuna, emakumearen rola... Labur esanda: Joyceren liburuan bezala, mundu zaharraren eta berriaren arteko borroka izango da obraren ardatza.

«Baliagarria iruditu zitzaigun gaur egunera ekartzea mundu zaharra hil gabe eta berria jaio gabe zegoen unea», azaldu du Jose Antonio Vitoriak. Ekoizleak Losadarekin batera egin du Joyceren liburuaren moldaketa. Antzezlaneko kontakizun nagusiari liburuko beste istorioetan agertzen diren pertsonaien nahi eta kezken zertzeladak gehitu dizkiote. «Are gehiago zaildu du horrek egokitzapena», aitortu du Vitoriak.

Irakurri albiste osoa Berria.eus-en.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!