Orioko Mendi Lasterketa jokatuko da martxoaren 4an

Karkara 2018ko urt. 24a, 16:33

Zortzigarren urtez, Orioko Mendi Lasterketa antolatu du Orioko Herri Ikastolak martxoaren 4rako. Mendiko VII. Kirolprobak Ligaren barruko proba izango da, eta 21 kilometroko ibilbidea egin beharko dute lasterkariek.

Aiako Mendi Lasterketa baino astebete beranduago jokatuko da Oriokoa, zehazki, martxoaren 4an. 9:30ean emango diote hasiera probari herrian bertan, eta 21 kilometroko ibilbidea egin ostean itzuliko dira lasterkariak.

Orioko Herri Ikastolatik Puntarrirako bidea hartuko dute, eta Luxarbetik pasa ondoren, Orkolagara iritsiko dira; ibilbidearen erdira iritsiz. Orkolagatik hartuko dute berriz ere ikastolarako bidea. Lasterketa Orioko "mendialde ederra" aurkezteko modua izan nahi duela adierazi dute antolatzaileek, eta ibilbideak mendiko eta itsasoko bistak uztartuko dituela aurreratu dute. Guztira, 1.200 metroko desnibela izango du.

Lasterketa hasi baino lehen, ikastolan bertan banatuko dituzte dortsalak, eta parte hartzaile guztiek jasoko dute kamiseta opari. Ikastolan bertan kontsigna eta aldagela zerbitzua ere izango dela aurreratu dute, eta Karela kiroldegiko dutxak zabalduko dituzte.

Martxoaren 2ra arte eman daiteke izena, kirolprobak.com helbidean. Txip horiarekin, 20 euroko kostua izango du eta txip horirik gabe, 21 eurokoa. Gehienez ere, 450 lasterkarik izango dute izena emateko aukera.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!