Berrikuntzekin dator XXIV. Oria Ibaiko Traineru Jaitsiera

Karkara 2018ko ots. 14a, 14:25

92 ontzi eta 1.840 arraunlari izango dira larunbatean Oriako uretan. I. Arraun Azoka egingo dute ostiralean eta larunbatean Arraunetxeko lehen solairuan.

Gaur aurkeztu dute larunbatean jokatuko den Oria ibaiaren jaitsiera Zigor Gazpio OAEko kideak, Ibon Maza Babyautoko komunikazio arduradunak eta Joxe Angel Zaldua Orioko alkateak. Esker hitzak izan ditu Mazak OAErentzat eta Orioko Udalarentzat, Babyauto osatzen duten guztien izenean.Joxe Angel Zalduak ere eskerrak eman dizkio OAEri, herrian horrelako “festa ederra” antolatzeagatik. Traineru jaitsiera “Neguko estropaden erreferente” izateaz gain, Orioko herria eta kolore horia “arraunaren epizentro” izatea nahi dute. Gazpioren hitzetan, lanerako borondatea eta egoitza egokia dute horretarako oriotarrek.

92 ontzi eta 1.840 arraunlari inguru izango dira orotara larunbatean Oriako uretan. Parte-hartzeen datuak "albiste ona" direla uste du Gazpiok, baina horrek "ardura handia" dakarrela iruditzen zaio OAEko kideari. Inguruko herrietako klubek egindako lana goraipatu du, "haien kirolariak ekartzeko egindako esfortzuagatik". Bestetik, "ezinbestekotzat" jo du Gazpiok boluntarioen lana: "Ez litzateke posible izango. Gero eta gehiago behar ditugu, baina jendea beti dago prest". 

Bi ibilaldi izango ditu estropadak. Alde batetik, mediterraneoko ontziek, beteranoek, mistoek, jubenilek eta emakumezkoek bide laburra egingo dute; Sarikolatik abiatu eta 4.000 metroko ibilbidea osatu arte. Guztira, 49 izango dira modalitate honetan arituko diren ontziak. Gizonezkoen 43 ontziak, aldiz, 6.000 metro izango dituzte Mapildik (Agina) abiatuta. Emakumezkoen taldeen gorakada nabarmendu du Gazpiok: "Iaz asko izan ziren, eta aurten marka guztiak hautsiko ditugu. Emakumezkoen arraunak bere bultzada izan duela esan nahi du horrek". 

1995 urtean jokatu zen Oria Ibaiko Jaitsiera lehenbizikoz. 17 ontzi eta 238 arraunlari izan ziren lehen edizio horretan, eta gaur egun, talde federatuen entrenatzaileek taldeen garapena neurtzeko baliatzen dute Babyauto bandera. Hala eta guztiz ere, Oria Ibaiko jaitsiera esperientzia bizi nahi duten “kirolarien bilgune” ere badela uste du OAEk. Kirolari euskaldunek ez ezik, kanariarrek, valentziarrek, katalanek, andaluziarrek, galiziarrek, asturiarrek eta kantabriarrek ere parte hartuko dute aurten. Arraunetxeko beheko solairuan jarriko dute kontsigna: "Iaz ez zen asko erabili, baina garrantzitsua iruditzen zaigu arraunlariak lasai etortzea eta haien gauzak uzteko leku bat izatea". 

Eguraldiaren iragarpenari adi dago egunotan OAE, baina euria geratu eta "festaz gozatzeko" esperantza adierazi dute. Hala, Orioko Udalak, OAEk eta Babyauto erakundeak herritarrak eta kirolzaleak estropada eta azoka ikustera gonbidatu dituzte. 

I. Arraun Azoka

Berrikuntza bat gehitu diote aurten Oria Ibaiko Traineru Jaitsierako egitarauari. I. Arraun Azoka antolatu dute ostiral eta larunbaterako, eta sektoreko enpresen postuez gain, aurkezpen ekitaldiak, erakustaldiak eta konferentziak izango dira bi egunez. Gazpioren hitzetan, oriotarrentzat eta kirolzaleentzat zabalik egongo da Arraunetxe, estropadan kirolarien lanaz gozatzeko aukeraz gain “arraun munduarekin zerikusia duten produktu eta teknologia ezberdinak erakusteko eta ezagutzeko aukera” eskaini nahi dute. Hala, kirol elkarteak, kirolari profesionalak zein amateurrak, entrenatzaileak, prestatzaile fisikoak eta herritarrak gonbidatu dituzte azokara.

Ostiralean arratsaldeko 18:00etan zabalduko dute Arraunetxeko goiko solairua, Arraun eta kirol sektorearekin eta OAErekin lotutako hainbat enpresa izango dira bertan, besteak beste, Zirauna kirol arropa etxea, Concept 2 kirolerako makinaria, Nutergia kirolarien produktuak, Amura kirol ekipamendua, Ie Team kirol probetarako azpiegitura teknologikoa eta Biolaster kirolerako laguntza zientifikoa.

Larunbatean, aldiz, hitzaldiak eta erakusketak eskainiko dituzte hainbat erakundek. Bertan izango dira Concept 2, Begi Bistan eta Biolaster enpresak. Horrez gain, fanzone gisako bat egokitu dute Arraunetxean bertan; herritar eta zaleek estropadaz eta jan-edanaz gozatzeko.

 

Ostirala, 16

18:00. Aurkezpen ekitaldia. Ondoren, pintxo potea.

 

Larunbata, 17

10:00-20:00. Standak eta ikusleen gunea.

10:00-20:00. Biolaster enpresaren eskutik, Powerbrathe eta Hipoxia testa.

11:00, 12:00 eta 19:00. Arraunetxera bisita gidatuak, Begi Bistan enpresarekin.

11:30. Ergometroaren mantenimentua, Concept 2rekin.

12:30. Nutrizioaren inguruko hitzaldia, Nutergia etxearen eskutik.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!