Igon Lertxundi: "Asanbladari eta klubei dagokie erabakiak hartzea, ez batzordeari"

Karkara 2018ko ots. 15a, 15:14

Orioko Arraun Elkarteko presidentea zen Igon Lertxundi (Orio, 1976) oriotarrek 2007an Kontxako Bandera irabazi zutenean. Kontxa oriotarrentzat "berezia" dela uste du, baina arraun munduan liga gero eta garrantzi gehiago hartzen ari dela iruditzen zaio Lertxundiri.  TKE ligako batzordekide da urtarriletik, eta elkarteko diruzain ardurak betetzen ditu; gai ezberdinen inguruan hausnartu eta TKEko asanbladari proposamenak egiteaz gain.


Orioko Arraun Elkarteko presidentea izan zinen, eta elkartetik sortu da TKE ligako batzordekide izateko proposamena.

TKEko zuzendaritza taldea klub ezberdinetako partaideekin osatzen da. Aurten Orioko zuzendaritza talde horretan sartzeko eskatu ziguten, aspaldi ez zelako egon.

OAEtik deitu zidaten laguntza eskatuz. Haiek lan asko zuten, eta ongi dakit hori; hor egon naizelako. Orioren izenean zuzendaritza taldean sartzeko mesedea eskatu zidaten. Baietz esan nien.

Orioko Arraun Elkarteko presidentea izan zinen urte askoan.

2006 eta 2009 urteen artean izan nintzen presidente. 2007an Kontxako Bandera irabazi genuen, eta hamar urte beranduago, 2017an, berriz ekarri genuen Kontxako Bandera Oriora. 

Nola gogoratzen duzu 2007an Oriok Kontxa irabazi zuen unea?

Oso urte ona izan zen, bai ligan eta baita Kontxan ere. Bandera asko ekarri genituen. Kontxako Bandera hura irabazteak, ordea,  ilusio handia egin zigun oriotar guztioi. Gainera, irabazteko faboritoak ez ginela esango nuke. Urdaibaien trainerua ere hor zebilen, eta urte osoa haiekin borrokan pasatu genuen. Azkenean, bi igandetan irabaztea lortu genuen, eta herriak harrera ederra egin zigun. Izugarria izan zen.  
2017an bezala, urte horretan bandera irabazteko gose handia zegoen. 2000n ekarri zen urte askoren ondoren, eta 2001ean Castrorekin lehian ibili ginen eta ez genuen lortu. Irabazi gabe hainbeste denbora pasa ondoren, polita izan zen.

Zein funtzio izango dituzu TKEn?

Diruzain bezala sartu naiz TKEko zuzendaritza taldean, urteko lehenengo batzarrean. Presidenteaz gain, beste hiru batzordekide egongo gara. Zeregin asko ditugu, hala ere: gai ezberdinak lantzea, arraunaren inguruan hausnartzea eta TKEko asanbladari proposamenak egitea, besteak beste. Bi aste daramatzat oraindik, eta OAEko presidente nintzenean asanblada horietan parte hartzen nuela oroitzen dut. Garbi neukan erabaki guztiak hartzeko boterea klubek izan behar zutela.

TKEren asanbalda hamabi klubez osatuta dago, eta hamabi klub horiek erabakitzen dute zein gauza egin eta nola egin. Azken finean, asanbladari eta klubei dagokie erabakiak hartzea; eta ez batzordeari.

Azken urteetan zertan aldatu da arrauna arraunlarientzat?

Ekonomikoki ez dira gauzak aldatu, eta negatiboa iruditzen zait hori. Profesionalak bezala egiten dute lan arraunlariek, eta ez dute dirurik ikusten. Zentzu horretan, arrauna ez da beste kirol batzuk bezalakoa. Azken urteetan ez du egoera ekonomiko horrek hobera egin, eta kasu askotan, okerrera egin duela ere esan genezake.

Garai batean, Castrok, Astillerok eta horrelako klubek indar handia zuten, diru asko zutelako. Oso ondo mantendu ziren urte horietan. Aurten, dirurik ez dutela eta, ez da Kantabriako trainerurik izango ligan. Ezberdintasun handia da hori. Ez dute dirurik gabe mantentzen jakin, eta horrek harrobirik ez zutela esan nahi du. Pena da horrelako klubak maila galtzen ari direla eta TKEn parte hartuko ez dutela ikustea. Arreta deitzen didan gauzetako bat da.

Hala ere, emakumezkoen arraunean aurrerapausoak eman direla esango nuke. TKEn 2009an izan zen lehenengo emakumezkoen liga, eta selekzioarekin egin behar izan zuten; oso klub gutxik baitzituzten  emakumezkoen taldeak. Gipuzkoan gutxi batzuk bazeuden. Orain, bederatzi urte beranduago, hogei klub baino gehiago daude emakumezkoetan; eta kluben bidez egiten da liga. Horrez gain, gero eta emakume gehiago animatzen ari da arraunean egitera.

TKEtik, emakumezkoen estropada gehiago antolatzeko asmoa duzue?

Oraindik ez dut gaia asko lantzeko aukerarik izan, baina duela bi aste asanblada bat izan genuen. Gai hori atera zen mahai gainera, eta horren inguruan eztabaidatzen egon ginen. Klub guztiak  emakumezkoen traineruei eta arraunari protagonismo eta ikusgarritasun gehiago emateko formula ezberdinak bilatzen ari dira.  

Ezberdinak dira Kontxako Bandera eta TKE liga. Azken urteetan liga garrantzia handiagoa hartzen ari dela esango zenuke?

Bai, zalantzarik gabe. Hamabost urte egingo ditu laster, eta denboraren poderioz, sendotzen ari da. Hasieran zalantza askorekin jaio zen, eta ziur aski batzuk ez zuten pentsatuko egun horrelako indarra izan zezakeenik. Gero eta garrantzizkoagoa da liga edo ligako estropadak irabaztea. Bestelakoa da Kontxa, estropada berezi bat da. Traineru oso ona izan behar duzu, eta zortea izan behar duzu... bere xarma du. Eta, oriotarrentzat, are gehiago. Beti izan dugu jomugan, oriotarrentzat irabazi beharreko estropada bat delako. Hori beti horrela izango dela uste dut, beti egingo digu ilusio gehiago. Kontxako Bandera gehien dituen taldea da OAE.  

Hala ere, ligak hartu duen garrantziarekin eta orain arte Oriok liga irabazi ez duela ikusita, badakit liga irabazteak ere ilusioa egingo zigula. Heldu beharreko gauza bat da.

Zein erronka ditu TKEk datozen urteetarako?

TKEz gain KAE ligak ere badaude, eta guztiak eskutik emanda elkarrekin joatea erronka handia da. Konbenioak baditugu ligen artean, baina bakoitzaren interesak berak ez direla ikusten dugu. Elkarrekin lan egingo bagenu, arrauna aterako litzateke irabazten. Liga guztiak kohesionatzen egin behar dugu lan.

Diru sarrerak mantentzea eta ahal izanez gero hobetzea ere bada beste erronka bat. Babesleei esker lortu duguna mantendu behar dugu, babeslerik gabe ez litzatekeelako posible izango estropadak antolatzen diren bezala antolatzea. Gainera, kluba TKE ligan baldin badago, errazagoa egingo zaio babesleak aurkitzea. Ez da erraza izaten, eta arrauna kirol minoriotario bat dela kontuan hartu beharra dago.  

Bestetik, lehen esan bezala, emakumezkoen arraunari protagonismo eta ikusgarritasun gehiago ematea erronka garrantzitsua da etorkizunerako.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!