Aldeko bost botorekin onartu dituzte 2018ko udal aurrekontuak

Karkara 2018ko ots. 22a, 16:51
Aldeko bost botorekin, aurkako birekin eta bost abstentziorekin onartu zituzten aurrekontuak atzo, urteko lehen udalbatzarrean. Muntoko alokairu sozialerako etxebizitzen inguruko mozioa ere onartu zen.
Atzo urteko lehen ohiko udalbatzarra egin zuten Orion, eta bertan 2018ko udal aurrekontuak eztabaidatu eta bozkatu zituzten udal taldeek. Otsailaren hasieran egindako Ogasun eko Batzordean jaso bezala, 7.787.102 euroko udal aurrekontua aurkeztu zen batzarrera, eta aldeko bost boto (EAJ), kontrako bi (Orain) eta bost abstentzio (EH Bildu lau eta PSE-EE bat) jaso zituen. Ondorioz, gehiengo sinplearekin onartu dira aurtengo udal aurrekontuak. 

Oposizioak emendakinak aurkeztu zituen aurrez Ogasuna Batzordean, eta udalbatzarrean bozkatu ondoren, 1.064.282 euro bideratuko ditu Udal Gobernuak inbertsio errealetara. 

Aurrekontuak onartu ondoren, abstentzioaren zergatien berri eman zuen EH Bilduko udal taldeko Aizpea Ubegunek.  "Anbizio eza" eta "herri proiektuen falta" somatu du koalizioak EAJk aurkeztutako aurrekontuan, eta anbizio hori oposizioko alderdiek jarri behar izan dutela nabarmendu zuen koalizioak.

Horrez gain, emendakinen ondorioz aurrekontua "nabarmen aldatu" dela irizten dute; eta "oposiziotik eraikitakoak" direla iruditzen zaie. Besteak beste, ongizatera bideratutako diru partidak, Arraunetxeko museoa eraikitzeko inbertsioak eta Mugiment jarduera fisikoa sustatzeko egitasmoaren proposamena aipatu zituen Ubegunek. "Paperean egokiak" diren aurrekontuen exekuzioak, ordea, nahitaez kudeaketa ona, plangintza eta hartutako konpromisoak betetzea eskatzen duela uste dute. Bestetik, EAJk "bete ez dituen konpromisoak" mahai gainean jarri nahi izan zituzten.  

Orain plataformako ordezkariek aurrekontuen kontra bozkatu zuten. 2016 urtean aurrekontuetan zehaztutako konpromisoak "bete gabe" geratu direla azaldu zuten. 2017an ezezko botoa ematekotan zirela, baina berriz ere proposamenak mahai gainean jarri zituztela azaldu zuten. Ogasun Batzordean EAJk berak aurkeztutako kronograma ez duela bete uste du Orainek, eta horregatik erabaki dute ezezkoa ematea. EH Bilduk esan bezala, emendakin "potenteen" ondorioz eraiki dituzte aurrekontuak. Alabaina, aurrekontuak "onak" direla iruditzen zaio plataformari.  

PSE-EEko Ana Priede zinegotziaren hitzartzea ere bide beretik joan zen. Bihartik aurrera lanean hasten ez bagara, ez du ezertarako balio aurrekontuak onartzeak, esan zuen Priedek. Bere hitzetan, antolakuntzaren, komunikazioaren eta eguneroko lanaren falta nabarmena izan du EAJren Udal Gobernuak. Bestetik, udal gobernuak egiten ez duen lana kanpoko enpresak kontratatuta egiten dela azaldu zuen sozialistak, dirua horretan inbertituz.  

Joxe Angel Zaldua alkateak, aldiz, emendakinak aurkeztu aurreko aurrekontua "hobea" zela uste du. Nolanahi ere, baiezko botoa eman zien EAJk emendakinei. Horrez gain, oposizioak inbertsioak gehitu zituela aitortu zuen Zalduak; baina diru hori "beste nonbaitetik kendu" dela esan zuen. Bestetik, 2016ko udal aurrekontua %95etik gora bete zela argudiatu zuen Zalduak. Haren hitzetan, EAJren «lanaren» ondorio da datua. 

2016ko ekitaldiko aurrekontuaren likidazioaren txostena aurkeztu zuen Emeterio Iribar EH Bilduko zinegotziak: Pertsonal gastuetan %97an bete da. Inbertsioetako betekizuna, aldiz, %57koa izan da. 
 
Munto eremuaren inguruan aurkeztutako mozioa onartu dute 

Urteko ohiko lehenengo udalbatzarrean PSE-EEk Munto eremuaren inguruan aurkeztutako mozioa onartu zuten, Orain plataformaren, PSE-EEren eta EH Bilduren aldeko botoekin. EAJren Udal Gobernuak gai hori lantzen urteak daramatzala argudiatu zuen Joxe Angel Zaldua alkateak, eta abstentzioa eman zieten sozialistaren proposamenari. 

Ana Priede Orioko sozialisten ordezkariak duela astebete aurkeztu zuen mozioa udaletxean, eta  Munto partzela Eusko Jaurlaritzari doan lagatzeko eskakizuna egin zion Orioko Udalari. Horrela, aukera legoke Jaurlaritzak bertan alokairu erregimen bidez kudeatzeko etxebizitzak egiteko; batik bat, gazteei emango liekete etxebizitza horiek alokatzeko lehentasuna.

Halaber, Orioko Udalak  eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak behar den bilerak egitea ere proposatu zuen Priedek, proiektua gauzatzeko aukerak azter ditzaten; hain zuzen, mozioan eskatutakoa proposatzeko lehenengo bilera 2018ko lehen seihilekoan egitea eskatu zion udalari.

PSE-EEko zinegotziak adierazitakoaren arabera, Orioko sozialistak herritar guztiek etxebizitza duina eskuratzeko aukera izan dezaten arduratzen dira. Mozioaren bitartez eskatutakoaren, zaurgarritasun sozioekonomikoko egoerak sahiesteaz eta bizitzeko oinarrizko baldintzak bermatzeaz gain, gazteek euren bizi proiektua herrian bertan hasteko baldintzak sortzen saiatu nahi dute.
 
 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!