Igande goizean jokatuko dute Orioko Mendi Lasterketa

Karkara 2018ko mar. 1a, 10:13

Orioko Herri Ikastolak antolatuta, mendi lasterketa jokatuko dute igande honetan. 9:30ean emango diote hasiera probari herrian bertan, eta 21 kilometroko ibilbidea egin ostean itzuliko dira lasterkariak.

Ikastolatik Puntarrirako bidea hartuko dute, eta Luxarbetik pasa ondoren, Orkolagara iritsiko dira, ibilbidearen erdira iritsiz. Orkolagatik hartuko dute berriz ere ikastolarako bidea. Lasterketak "Orioko mendialde ederra" aurkezteko modua izan nahi duela adierazi dute antolatzaileek, eta ibilbideak mendiko eta itsasoko bistak uztartuko ditu. Guztira, 1.200 metroko desnibela izango du.

Lasterketa hasi baino lehen, ikastolan bertan banatuko dituzte dortsalak, eta parte hartzaile guztiek jasoko dute elastiko bana opari. Ikastolan bertan kontsigna eta aldagela zerbitzua ere izango dira, eta Karela kiroldegiko dutxak zabalduko dituzte korrikalarientzat.
Ostiralera arte eman daiteke izena, kirolprobak.com atarian.  Gehienez ere, 450 lagunek izango dute izena emateko aukera.

Zarauzko Triatloia
Zarauzko Triatloiak dortsal bat utzi du Pagoeta Mendi Lasterketaren eskuetan, zozketa bidez eskaini dezan. Martxoaren 5ean zozkatuko dute, eta bertan parte hartzeko Pagoeta Mendi Lasterketako ibilbide luzean izena eman beharko da zozketaren eguna baino lehen. Izena kirolprobak.com webgunean eman behar da.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!