Sonia Alonso: "Itsasoa eta mendia hain gertu sentitzeko aukera lasterketa gutxitan izaten da"

IƱigo Gaiton 2018ko mar. 2a, 19:07

Iazko Orioko Mendi Lasterketan, Sonia Alonso izan zen helmuga zapaldu zuen herriko lehen emakumezkoa. Sonia azkoitiarra da jaiotzez, baina dagoeneko badaramatza urte batzuk herrian bizitzen. Ofizioz irakaslea da, eta gaur egun, Aiako Lardizabal ikastetxean ematen ditu eskolak.

Betidanik izan al zara kirolzalea?

Gaztetatik jokatu izan dut futbolean. Urte askotan, Azkoitiako Anaitasunan. Oriora bizitzera etorri nintzenean, plaieroetan ere aritu nintzen Xixario taldearekin.

Baloia alde batera laga ostean, mendian hasi zinen korrika. Nolatan?

Futbola utzitakoan, egunerokoan denbora gehiegi kenduko ez zidan kirolen bat bilatu nahi nuen, etxetik atera eta inorekin konpromisorik izan gabe. Lagun batek ehunmilak frogan parte hartu zuen, eta ikustera joan ginen. Kirola egiteko modu ezberdina da hau, pentsatu nuen nire golkorako. Mendiko proba txiki bat egin nuen probatzeko, duela zortzi urte inguru. Horixe izan zen hasiera.

Asfaltoan ere aritzen zara.

Behobia lasterketa, adibidez, asko gustatzen zait. Hamabi aldiz-edo egin dut.

Ba al duzu mendi kuttunik korrika egiteko? Eta lasterketarik?

Kukuarri eta Erlo asko gustatzen zaizkit. Orioko lasterketa bera ederra da, Izarraitzen egiten dena ere bai. Zestoako Kobaz Koban eta Aiakoan ere asko gozatu izan dut.

Urtean zehar, jarraitzen al duzu prestakuntza fisiko espezifikoren bat?

Ez. Nire kabuz entrenatzen dut, sentsazioen arabera.

Igandean jokatuko den Orioko lasterketak, sasoiko harrapatzen al zaitu?

Gogo handia daukat, baina belaunean gora beherekin nabil.

Orioko lasterketak zein bereizgarri du?

Kanpotik etortzen diren lehiakideentzat, oso berezia da parajea. Itsasoa eta mendia hain gertu ikusteko aukera ez da lasterketa askotan izaten.

Eta gogorra al da?

Exijentzia aldetik, erdi mailakoa dela esango nuke.

Denbora markei begira, iganderako ba al duzu helburu konkreturik?

Ez. Nire aurtengo helburu nagusia, lasterketa belauneko minik gabe bukatzea da.

Asteazkenean elurte handia izan zen. Gaur eguzkia eta hego haizea. Zein dira baldintza egokienak iganderako?

Giro lainotua eta lehorra. Orioko lasterketako azken edizioetan lokatz asko izan dugu, eta horrek asko gogortzen du ibilbidea.

Azken urteetan, gero eta jende gehiago dabil mendian korrika. Zer du berezia kirol honek?

Hasieran kirol sufritua den arren, gorputza ohitzen denean, asko gozatzen da. Paraje ikusgarriak ezagutzeko aukera eskaintzen du.

Zer ematen dizu zuri?

Korrika egitea, entrenatzea, nire buruari denbora eskaintzea da. Normalean goizean goiz entrenatzen dut, lanera joan aurretik, eta korrika nabilela, nire eskema mentalak egiten ditut: bezperan egindakoa errepasatu, pentsatu, eguneko betebeharrak antolatu...

Nahikoa kirol indibiduala da, ezta?

Bai. Ume edo gaztetxoentzat, adibidez, uste dut egokiagoa dela talde kiroletan jardutea, balore ezberdinak lantzen direlako. Kamel Zianik eta Aitor Rubiok sortu duten atletismo eskola, adibidez, iniziatiba bikaina iruditzen zait.

Hala ere, nire kasuan, askotan lagunekin batera entrenatzen dut, eta elkarri kontuak esanez terapia pixka bat egiteko ere aprobetxatzen dugu... kar kar kar.

 

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!