Zaraguetak Orioko ondare naturala ezagutzeko bizikleta martxa antolatu du iganderako

Karkara 2018ko mar. 13a, 10:53

Ekimena Herrio Natur Taldeko kideekin batera egingo dute elkarlanean, eta irekia da herritar guztientzat.

Aurtengo ikasturtean 40 urte bete dira Zaragueta Herri Eskolan lehen ikasle taldea euskara hutsean hezi zutenetik. Irailaz gero, ekimen ugari antolatu ditu ikastetxeak urteurrena ospatzeko.

Programa zabalaren barruan, Orioko ondare naturala ezagutzeko bizikleta martxa antolatu dute iganderako, Herrio Natur Taldearekin elkarlanean. Herriko, eta batez ere, errio inguruko bazterrak aztertuko dituzte natur taldeko kideen gidaritzapean.

Ibilbidea Bikamiotan hasiko dute 10:30etan, eta aztertuko duten lehen gunea Antilla hondartza izango da. Gero, Muntoan barrena, Erzillaneko etxe aurreraino eta Motondoraino joango dira. Bizikleta martxa 12.30ak aldera bukatzea aurreikusten da, herriko plazan.

12 urte baino gutxiago dituzten haurrek arduradun batek lagunduta joan beharko dute, eta partaide guztientzat da derrigorrezkoa bizikletan ibiltzeko kaskoa soinean izatea. Prismatikoak eramatea ere gomendatzen dute, ibilbideko hegazti eta abarrak hobeto ikusteko.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!