Jubilatu eta pentsiodunen eguna ospatuko dute apirilaren 11n

Karkara 2018ko mar. 21a, 13:43

Urtero bezala, meza entzun eta Aginagako Errasti sagardotegian bazkalduko dute

Apirilaren 11n, asteazkenean, jubilatuen eta pentsionisten eguna ospatuko dute Orioko nagusiek. Urteroko ohitura bilakatu da edadetuak bildu eta mezara joan ostean Aginagako Errasti sagardotegian bazkaltzea. Bazkalostean, urtero bezala, kantuan arituko dira.

Egunari hasiera eguerdiko 12:00etan emango diete jubilatu eta pentsionistek, Orioko elizan egingo den mezarekin. Meza bukatzean autobus zerbitzua izango da Goizeko kafetegiaren aurrean. 13:00etan bi autobus aterako dira, eta ordu erdira, 13:30ean, beste bi. 14:00etarako guztiak Aginagako Errasti sagardotegian bilduko dira.

Bertan bazkalduko dute, eta bazkalostean, kantu saioa izango dute. Arratsaldeko 18:00etan izango da bueltako autobusa.
Bazkari txartelak erosteko egunak apirilaren 3a eta 4a izango dira. Arratsaldeko 16:00etatik 18:00etara erosi ahal izango dira txartelak 23 euroren truke. Aipatutako bi egunetan salduko dira soilik bazkari-txartelak, hortik aparte, ez da txartelik salduko.

Txartelak erosteko eguneratuta eduki behar da bazkide txartela. Bazkaritara joaten diren guztiek –bai sozioek, bai gonbidatuek–, jatetxeko arduradunari emango diote txartela bazkaritarako garaian. Norbaitek kale egiten badu, hau da, txartela erosi ondoren atzera egiten badu, ez zaio dirurik itzuliko arrazoizko justifikaziorik gabe.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!