Orioko Udalak 7,7 milioi euroko aurrekontua izango du 2018an

Karkara 2018ko api. 2a, 10:00

Otsailean egindako urteko lehen udalbatzarrean 2018ko aurrekontuak onartu ziren, aldeko bost botorekin. Udal Gobernuak 1.064.282 euro bideratuko ditu inbertsio errealetara.

Otsailean egindako Ogasun Batzordean jaso bezala, 7.787.102 euroko udal aurrekontua aurkeztu zen urteko lehen udalbatzarrera. Aldeko bost boto (EAJ), kontrako bi (Orain) eta bost abstentziorekin (EH Bildu eta PSE-EE) eman zitzaion onarpena.

Emendakin ugarirekin  osatutako aurrekontuak
Presupostuen onarpena gehiengo sinplearekin lortu izanak, agerian laga zituen aginte taldearen eta oposizioaren arteko arrakalak. EH Bilduk anbizio eza eta herri proiektuen falta leporatu zizkion EAJri. Beren esanetan, oposizioko taldeek lan handia egin behar izan dute aurrekontuak behar bezala osatzeko. Emendakinei esker lortu dira ongizaterako eta Mugiment jarduera fisikoa sustatzeko egitasmorako diru partidak, eta Arraunetxeko museoa eraikitzeko inbertsioak, azaldu zuen Aizpea Huegun zinegotziak.

Orain plataformako kideek proposamenaren kontra bozkatu zuten, oposiziotik egindako emendakin potenteei esker aurrekontuak onak iruditu arren. Adierazi zutenez, jeltzaleek ez dute aurrera eraman adostutako lan kronograma. Hitzartutako konpromisoak ere ez dituzte bete, beste urte betez. Bi argudio horiekin justifikatu zuten beren ezezkoa.

PSE-EEko Ana Priederen hitzartzea oposizioko beste bi alderdien bidetik joan zen: bihartik aurrera lanean hasten ez bagara, aurrekontuak onartzeak ez du ezertarako  balio izango. Zinegotzi sozialistak antolakuntza, komunikazio eta eguneroko lan falta leporatu zizkion EAJri.

Alkatearen iritziz, emendakinak egin aurreko presupuestuak hobeak ziren. Oposiziotik egotzitako lan faltari erantzunez, EAJren lanari esker 2016ko udal aurrekontua %95etik gora bete zutela argudiatu zuen. Honen harira, EH Bilduko Emeterio Iribarrek 2016ko likidazio txostena aurkeztu zuen. Dokumentuaren arabera, inbertsioen betekizuna %57koa izan zen %95-ekoa beharrean.

2018rako aurreikusitako gastu batzuk
Orioko Udalak 3 milioi euro gastatuko ditu pertsonal gastuetan, eta 2,2 milioi kontratazio eta zerbitzuetan. Tartean, 326.158 euro mankomunitate eta kontsortzio gastuetara bideratuko dira: EUDEL, UKUE (hondakin kudeaketa, enpresa garapena, enplegu sustapena, euskara...), UEMA...
242.029 euro Udal eraikinak eta zerbitzuak kudeatzen dituzten enpresei emango zaizkie: Arraunetxe, Mendibeltz, Karela...

Diru-laguntzen alorrean, 52.784 euro familiei bideratuko zaizkie: irisgarritasuna, familia ugariak, euskara ikasketak, gizarte ongizatea... Orioko Herri Ikastolak 156.148 euro jasoko ditu, Zaragueta Herri Eskolak 46.727 euro, Esperientzia eskolak 6.999 euro, San Nikolas haurtzaindegiak 3.000 euro. Ohiko kirol laguntzetan 47.500 euro gastatuko ditu Udalak, ezohiko laguntzetan 32.500 euro, eta Orio Arraun Elkarteak 72.830 euro jasoko ditu. Kultur jardueretarako 23.000 euro bideratu ditu Udalak, KARKARAk 21.371 euro jasoko ditu, eta Urola Kostako Hitzak 6.000 euro.

Inbertsioei dagokionean, Aritzaga kaleko saneamendu obrak 196.000 euroko kostua izango du Udalarentzat, eta moilako obrak 280.387 eurokoa. Mutiozabalen saneamendura 49.994 euro bideratu dira eta  autokarabanen aparkalekura 25.000 euro.

Kultur Etxean 30.000 euro inbertituko dira, Karelan 12.200 euro, Itxas Etxean 7.000 euro, Kanpinean 20.000 euro, eta hondartzako eraikinetan 25.250 euro. San Martin auzoko argiterian 60.000 euro gastatuko dira, eta Danbolin musika eskolako gas instalakuntzan 21.000 euro.
Arraunetxeko altzarietan 41.994 euro gastatuko dira, Udaletxeko altzarietan 5.600 euro eta helduen parkean 12.000 euro. Mendibeltzeko garajeetan 6.000 euro.

Hiri Antolamenduko Plan Orokorrak 33.380 euroko kostua izango du, eta Udalak 25.000 euro gastatuko ditu bestelako azterketa eta proiektuetan.

2018ko diru sarrerak
Orioko Udalak zuzeneko zergekin 1.289.300 euro jasoko ditu.  Tasa eta bestelako zergekin 1.699.715 euro: tartean, Orioko kanpineko egonaldien tasekin 870.000 euroko diru sarrera izatea aurreikusten da, hondartzako bide publikoen erreserbarekin (TAO) 148.000 eurokoa, isunekin 64.199 eurokoa, eta TAO isunekin 5.000 eurokoa.

Transferentzia arruntekin 4.105.517 euroko diru sarrera izango du Udalak: Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru-laguntzak, zerga itunduak....
Ondare sarrerekin 129.446 euro jasoko dira, eta kapital transferentziekin 493.124 euro.

Gastu eta diru sarreren dokumentu ofizialak eskuragai
Orio.eus webgunean eskuragai daude 2018ko aurrekontuen dokumentu ofizialak.

2018rako aurreikusten diren diru-sarreren PDF-a deskargatzeko, egin klik hemen.

2018rako aurreikusten diren gastuen PDF-a deskargatzeko, egin klik hemen.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!