Marea Urdina ekimena Oriotik pasako da, autismoaren sentsibilizazioan laguntzeko

Karkara 2018ko api. 3a, 15:46

Marea Urdina taldeak Gipuzkoako kostaldea zeharkatuko du igerian uztailaren 7 eta 8an. Bi etapetan osatuko dute Mutriku eta Hondarribia arteko distantzia.

Marea urdina egitasmoa Azpeitiko eta Azkoitiko hainbat lagunek sortua da, gizartea autismoaren inguruan sentsibilizatzeko xedearekin. Hori lortzeko bidean, uztailaren 7an eta 8an, asteburuarekin, igeriketa zeharkaldia egingo dute Gipuzkoako kostaldean.

Lehenengo etapan Saturrarandik Orioraino etorriko dira (27 kilometro). Bigarrenean, Oriotik Hondarribirainoko tartea osatuko dute (36 kilometro). Denera, igerilariek 63 kilometro egingo dituzte elkar txandatuz.

Marea Urdina osatzen duten lagunak aspaldi hasi ziren egitasmoa promozionatzeko lanekin, eta sentsibilizazio kanpainari laguntzeko abesti bat kaleratu zuten. Atzo, Apirilak 2, Autismoaren Nazioarteko Eguna izanik,  beren abestia promozionatzeko bigarren bideoa argitaratu zuten sarean. 

Ekimenaren inguruko informazio gehiago lortu nahi izanez gero, egin klik hemen.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!