Arroka zuloetan sartzen zen mutil koxkor hura

Benito Lertxundi 2018ko api. 9a, 19:00

Jorge Oteitza hil zenean, honako testua idatzi zuen Benito Lertxundik KARKARAren 145. zenbakian.

Mutikotan, osabarekin, Orioko hondartzara joaten nintzenean, arroka zuloetan sartzen nintzen; amaren sabelak babesten ninduela sentitzen nuen, goialdeko zuloxka batek zerua erakusten zidan bitartean. Une horretan hil izan banintz, ziur, nire heldutasun gorenean izanen zela. (Jorge Oteiza)

Jorgeri entzundako gauza guztietatik bakar batekin gelditu behar banu, horrekin geldituko nintzateke.

Jorge, gauza guztien gainetik, erlijiosoa zen, erlijioso senak eraman zuen arteren funtsa hutsunea zela ulertzera. Berarentzat dena bat zen, ez zituen gauzak konpartimentuetan bereizten.

Gogoan dut, bazkari batean, puruak bata bestearen ondotik pizten zituela eta nik, harriturik, galdetu niola:

—¿Pero, Jorge, otro puro?

—¡Es el mismo!
—erantzun zidan. Jarrera iniziatiko batetik bakarrik jasotzen den pertzepzioa da hori.

Arroka zuloan ezkutatzen zen mutiko hark, oharkabean, han egiten zuena gogo jarduna zen, gerora arte hizkuntza berri bat bilakatuko zena; eta geroztik eginiko ibilbide guztia, haurtzaroarekin batera ihes egin zion heldutasunaren harrapaketa; izan ere, berari bakarrik entzun izan diot, artista ehiztaria dela: eta zer harrapatzen du?

Guztiz bizkorra eta oroa den unea, une esperimentala; une hori pasa denean, ondarea geldituko da, beste- endako ispilu izan daitekeen zerbait, baina, artistari jada ez dio ezertarako balio. Modu inkonsziente batean, esperimentazio baten ondoko obrak besteen onespena lortzeko bakarrik dela esan nahi baligu bezala, bihurrikeria, gogamina eta kontraesanak sortzen dituen ariketa antzua.

Gogoan dut beste aldi batez ere, niretzat oso esanguratsua den beste pasarte bat. Ni erlojerian aritzen nintzen eta erloju konponketarako lente batzuk nituen, lenteei itsatsita lupa bat; atea ireki eta norbait sar tu zen erlojerian, tailerrtik irteterakoan lupa gora begira jarri nuen; nor izango eta... Jorge. Gora begira gelditu zen, nire lupari begira jarri eta, bat-batean:

—¡Carajo! ¡Tú tienes chimenea espiritual! ¡Justo es lo que más anhelo yo!
—aldarrikatu zuen. Haurtzaroan, arroka zulotik zer ura begira aurkitutako bake espirituala harrapatu nahirik edo...

Bere izaera erlijiosoa ez zen, ordea, era arruntean ulertzen den horietakoa; bera ez zen sinismen sareetan mugitzen, berak ikuspegi holistikoa zuen, arima kosmikoan desleitzea zuen gogoko. Behin, bereziki, eskultura erlijioso bat egiteko eskatu zioten:

—Egiten dudan guztia da erlijiosoa! —erantzun zuen. Izan ere, gogo aske bat bakarrik izan liteke erlijiosoa.

Denbora gainditzeko gaitasun hunkigarria zuen. Bere une esperimentalean aurkitzen zenean, historiaurreko mundua oraina bihurtzen zuen, naturaltasun osoz:

—Hementxe dago gure historiaurrea!
Hemezortzi mila urte ez dira ehun urteko 180 amona baino!

Une esperimentala bere osotasunean bizitzen zuenez, Ekaingo ehiztari margolaria guztiz barneratua zuen:

—Kobazuloan, ehiztariak, bisontea margotzean, zer ura begiratzen zuen, zerua baita memoriaren depositoa.

Arroka zulotik zerura begiratzen zuen mutikoak ere memoriara begiratzen zuen, Oteiza esperimentalak eta Ekaingo ehiztariek bezala. Memoria horretatik euskal arima eta estiloa harrapatzea izan zen bere obsesioa. Egun batean, lagun batzuk berarekin elkartu ginen. Historiaurreko margolaritzari buruz ari zen bero-bero.
Bere emazte Itziar hiruzpalau aldiz etorri zen zer hartuko genuen galdetzera; Jorgek hain sutsu jarraitzen zuen bere kontuekin inork ez zuela erantzuten. Baina, Itziar halakoxea zen, berriz ere, zerbait nahi al genuen galdezka; orduan, Jorge altxa eta:

—¡Itziar, estoy en el neolítico, déjame llegar!
— oihukatu zuen.

Hil baino egun batzuk lehentxeago, bere bizitza guztian egindakoak ez zuela berarentzat batere interesik esan zuen.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!