Rosi Lazkano: "Ez da kasualitatea bihar lau emakume oholtza gainera igotzea"

Karkara 2018ko api. 19a, 15:06

Lau emakume igoko dira bihar Etxeluze gaztetxeko oholtza gainera, bertsotara. Miren Amurizak, Nerea Ibarzabalek eta Ane Labakak hartuko dute parte bertso saioan, Rosi Lazkano aiarrarekin batera. 

Bertso saioa izango da bihar Etxeluze Gaztetxean, Rosi Lazkano, Nerea Ibarzabal, Miren Amuriza eta Ane Labaka bertsolariekin. Lazkanoren arabera, aspalditik du agendan markatuta biharko eguna, eta ilusioa egin zion gaztetxean gainontzeko bertsolariekin kantatzeko aukera izateak. 

Aspalditik ezagutzen ditu Labaka, Amuriza eta Ibarzabal. Emakume bertsolarien topaketetan egon izan da beraiekin, eta badu harremana. Lazkanoren hitzetan, mimatu besterik ez dute egiten bertsolari aiarra. 

Plazaz plaza ibilia da Lazkano, baina sekula ez du Etxeluzen kantatu. Polita izango dela uste dut, bai Etxeluzen sortuko den giroa, bai gure artekoa, irizten du bertsolariak. Izan ere, giro goxoagoa sortuko dela iruditzen zaio gaztetxean.

Lazkanoren arabera, ez da kasualitatea biharkoa lau emakume bertsolariz osatutako bertso saioa izatea. Azkenaldian modalitate asko landu direla gogora ekarri du: bertso saio literarioak, Ez da kasualitatea bertso saio musikatua... Haren hitzetan, lanketa baten ondorio dira emakumeak soilik parte hartzen duten bertso saio horiek guztiak. Emakumeak plaza hartzeak gaietan ere emakumeen kezkak eta ikuspuntua azaleratzea dakarrela dio Lazkanok.

22:30etan emango zaio hasiera kantaldiari, eta sarrerak Etxeluzen bertan eskuratu ahalko dira 5 euroren truke.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!