Goiuri Unanueren diseinuak, Cristobal Balenciaga museoan

Karkara 2018ko api. 26a, 16:25

'Bertako diseinurako espazioa' gunea egokitu du museoak, ekintzailetza sustatu eta bertako marken talentua ikusgarri bihurtzeko helburuarekin. Goiuri Unanue oriotarraren lanak izango dira bertan, eta produktuak ezagutu eta erosteko aukera izango dute bisitariek.

Ekintzailetza sustatu eta artisten, artisauen, diseinatzaileen edo bertako marken talentua ikusgarri bihurtzeko gune bat egokitu du Cristobal Balenciaga museoak. Hala, tokiko zortzi diseinatzaileren lanak ezagutu eta saltzeko aukera izango dute bisitariek.

Bertako diseinatzaileen 28 proposamen jaso zituzten museoak eta bertako dendaren esleipena duen enpresak, deialdi ireki baten bitartez. Horietatik zortzi aukeratu dituzte, tartean Goiuri Unanue oriotarraren bilduma. Zortzi horietatik lau martxoaren 24tik abuztuaren 12ra arte egongo dira, eta gainontzekoak, abuztuaren 13tik urtarrilaren 6ra.

Moda eta Diseinuko gradua Bartzelonan egin ondoren, Soia marka sortu zuen Unanuek Marta Arribas eta Ione Iruretagoienarekin batera. Orion dute tailerra, eta bertan sortzen dituzte osagarri guztien bildumak; hasieratik amaieraraino. Goi mailako joskintza piezak ere egiten dituzte, eta joskintza eta patroigintzako tailerrak ematen dituzte hiruek. Unanue Bilbao Art and Fashion BIAFF bezalako lehiaketetan aukeratu dute, KutxaKultur programan egin du egoiliartza eta Bartzelonako 080 pasarelan desfilatu du.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!