Plazako peatonalizazioa eztabaidagai nagusi, azken Udalbatzarrean

Karkara 2018ko api. 27a, 11:09

Ordu eta erditik gora luzatu zen asteartean Udalean egindako plenoa. Asteburuetan plaza berriz autoei irekitzeko erabakia dela-eta, ohikoa baino herritar gehiago hurbildu zen Udalbatzarrera. Muntoko partzelan alokairu sozialerako etxebizitzak eraikitzeko gaiak ere zeresana eman zuen. Eskaera eta galderen tartean, KARKARAK plenoak bideoz grabatzeko baimen eskaera egin zuen.

Hauek dira asteartean, Apirilak 24, landu ziren puntuak:

1- Onartzea, egoki bada, 2018ko 1, 2 eta 3  konpromiso-kredituak.
13 aldeko botorekin, aho batez onartua.

2.- Onartzea, egoki bada, udal aurrekontu propioaren 2/2018 zenbakidun kreditua aldatzeko espedientea, kreditu gehigarrien modalitatean.
13 aldeko botorekin, aho batez onartua.

Puntua onartu ostean, EH Bilduko Emeterio Iribarrek hartu zuen hitza: Kreditu gehigarri honetan, edukiontzi soterratuen egokitzapenerako partida bat irekitzen da. 2017ko ekainaren 16an erabaki zen 21 gunetik 14 egokitu eta 7 kentzea. Gestio txarraren ondorioz, hilabete asko pasa dira erabaki hori gauzatu aurretik, eta espazio publikoan lekua alperrik hartzen ditugu bi motatako edukiontziak.

3.- Onartzea, egoki bada, Udal kanpineko zuzendariaren plaza jabetzan hornitzeko hautaketa prozesua arautuko duten oinarriak.
13 aldeko botorekin, aho batez onartua.

4.- Onartzea, egoki bada, turismo, merkataritza eta ostalaritza departamenturako maila ertaineko teknikariaren plaza jabetzan hornitzeko hautaketa prozesua arautuko duten oinarriak.
13 aldeko botorekin, aho batez onartua.

PSE-EEko Ana Priede zinegotziak hartu zuen hitza jarraian: 3. eta 4. puntuez pare bat gauza komentatu nahi nituzke. Laster agintaldiko 3 urte beteko ditugu, eta oraindik bi teknikarien plazak hutsik jarraitzen dute, legealdia hasi zenean denok lanpostu horiek betetzea lehentasunezko gaia zela argi izan arren.

Kudeaketa ez da ondo egin hiru urte hauetan. Horren ondorioz, Udalaz kanpoko enpresak kontratatu behar izan ditugu lan jakin batzuetarako: Siadeco kasu, turismo arlorako eta LKS zerbitzuetarako. Ongizate arloko teknikaria hartzeko prozesura ere asko atzeratu da. Sail hau oso garrantzitsua da, eta Udalean astindu handia behar du, goitik behera berritu behar da.

5.- Onartzea, egoki bada, eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga erregulatzen duen ordenantza fiskalaren aldaketa.
13 aldeko botorekin, aho batez onartua.

6.- Onartzea, egoki bada, Orioko herriko jaieguna 2019. urterako.
13 aldeko botorekin, aho batez onartua.

7.- Onartzea, egoki bada, Orioko EH BILDU eta PSE-EE-PSOE udal talde politikoek aurkeztutako mozioa, anbulatorioa handitzeko beharrari buruzkoa.
13 aldeko botorekin, aho batez onartua.

8. Eskariak eta galderak.

Muntoko etxebizitza babestuen gaia, berriro hizpide

Eskari eta galderen tartean, Ana Priede sozialista izan zen hitz hartzen lehena. Aurreko udalbatzarrean, Orioko PSE-EEk sartutako mozioa onartu zen. Muntoko partzela Eusko Jaurlaritzari doan lagatzea eskatzen zitzaion, bertan alokairu bidez kudeatzeko etxebizitza babestuak eraikitzeko. Gai horri heldu zion. Azken plenoan Jose Angel Zaldua alkatearekin izandako eztabaida bati buruzko galdera batzuk egin zizkion EAJko Angel Del Hoyo alkateordeari. Bere erantzunetan, zinegotzi jeltzaleak ez zion inongo aurkakotasunik agertu Priederi.

Asteburuetan plaza autoei irekitzea, saioko eztabaidagai nagusia

Topagune Berdearen izenean, bi herritarrek hartu zuten hitza jarraian, asteburuetan plaza berriro autoei irekitzeko erabakiaz mintzatzeko: Harrituta gaude erabakiarekin. 2012an aho batez erabaki zuen Udalak asteburuetan plaza peatonalizatzea, jende askoren iritziak jaso zituen parte-hartze prozesu baten ondoren. Alderdi guztiei galdetu nahi dizuegu, ea zergatik hartu den batzorde batean, herritarrei irtzirik eskatu gabe, asteburuetan plaza berriro ibilgailuei irekitzeko erabakia.

Alkatea izan zen erantzuten lehena: Plazan obra handia egingo da irailetik aurrera. Obra horrek,  kotxeen bi noranzkoak moilatik bideratzea ahalbidetuko du, eta aurrerantzean, plaza ingurua oinezkoentzat izatea. Obra horretan alderdi denok ados gaude.
Orain zergatik ireki dugun? Eskaera bat egin zigun Arkupe merkatari elkarteak, eta batzordean bozkatuta hartu genuen erabakia. Irailean obra hasten denean, eta obrak iraun bitartean, ez da posible izango peatonalizazioa. Beraz, plaza autoei irekitzearen erabaki honek, lau hilabeteko iraupena du, ez da behin betikoa.

Zergatik hartu duzue kontutan eskaera hori bakarrik?, erantzun zion Topagune Berdeko herritarrak. Guk 500 lagun baino gehiagoren iritzia bildu dugu inkesta batean. Hona ekarri ditugu iritzi guztiak, zuek irakurtzeko. Moldaketa lau hilabeterako bakarrik bada, ez al zen errazago lehen bezala uztea?

Badakigu herrian iritzi ezberdinak dituen jendea dagoela, baina Arkuperen eskaera bozkatuz, onerako edo txarrerako, erabakia hartu egin da, berretsi zuen Alkateak.

Udaletik parte-hartze prozesua ireki zenuten abenduan, herriko ekipamenduen inguruan. Hor ateratako ondorioetako baten arabera, kale peatonalizatu gehiago eskatzen ziren. Azterketaren emaitzetan dator hori. Hartu duzuen erabakiak talka egiten du horren kontra. Hurrengo batzordean, herritar batek plaza peatonalizatzeko eskaria sartzen badu, orain Arkuperekin egin duzuen bezala, bozkatu egingo zenukete? erantzun zion herritarrak alkateari.

EH Bilduko Emeterio Iribarrek hartu zuen hitza segidan: Erabakia hartu zen batzordean, gaia ez zegoen gai zerrendan. Bertan erabaki zen gaiari buruz bozketa egitea. Arkuperen eskaera ez zen aztertu ere egin, zuzenean bozkatu zen.

Jose Angel Zaldua alkateak gehitu zuen: Erabakia hartu dugu, baina jarriko dugu gaia berriro mahaigainean.

Orain Herri Plataformako Jose Angel Iparragirrek plaza autoei irekitzeko erabakiaren alde bozkatu izanaren arrazoiak eman zituen: 2012an asteburuetan plaza peatonalizatzeko erabakia hartu zenean, denbora batera balorazioa egitea adostu zen, eta ez zen behin ere egin. Plazan egingo den obrak, dagoeneko aspaldi hasia behar zuen, eta orain ez ginen arazo honekin egongo. Legealdi honetako obra garrantzitsuena da, eta kudeaketa txarragatik, oraindik ez da hasi. Jose Angel, badakizu obra hori ez dela irailean hasiko. Atzeratu egingo da, hasterako 2019a izango da.
Orain taldeak komertzioaren alde duen sentsibilizazioagatik eman genuen plaza autoei irekitzearen aldeko botoa, eta besteak beste, kontra bozkatu bagenuen, edo abstenitu, erabakia berdina izango zelako.

Lourdes Salsamendi zinegotzi jeltzaleak gehitu zuen: Uste dut oso garrantzitsua dela Topagune Berdeko herritarrek ekarri duten gaia. Hemen gauzak ahalik eta ondoen egiten saiatzeko gaude. Agian erabakiarekin hanka sartu dugu? Izan liteke. Pertsonak gara, hitz egiteko gaude, eta akordio batera iristen saiatu gaitezke.

EAJko Eugenio Cotado zinegotziak hartu zuen hitza gero: Harremanetan jarriko naiz Arkuperekin berriro, gaiaz hitz egiteko. Topagune Berdeko ordezkariekin hitz egingo dut, eta jende gehiagorekin ere bai, tabernariekin kasu. Denen iritziak bildu ostean, gaia berriz mahai gainean jartzeko konpromisoa hartu zuen.

Plaza peatonalizatzea herri galdeketa bidez erabakitzeko aukera era aipatu zuen herritar batek.

KARKARAren eskaera: Udalbatzarrak bideoz grabatzeko baimena

Udalbatzarra amaitu aurretik, KARKARAko kazetariak eskaera egin zien Udaleko zinegotziei: Udaleko alderdiei e-mail bana idatzi genien duela hilabete inguru, plenoak grabatzeko baimena eskatuz: alderdi bakarrak erantzun zigun mezua. Hori ikusita, Udaleko idazkariarekin hitz egin genuen telefonoz. Bere esanetan, alkatea da plenoak grabatzeko baimena emateko eskumena duena. Erantzun honek ez gaitu konbentzitu, eta gure kabuz ari gara legediaren inguruko kontsultak egiten. Goi honi buruz ze iritzi duzuen galdetzen dizuet adierazi zuen.

Alkateak gaia bere alderdikideekin kontsultatuko zuela erantzun zion kazetariari. Plenora gerturatutako herritar pare batek, plenoak grabatzearen aldeko hitzak plazaratu zituzten. Oposizioko zinegotzi batek, alkateari eskatu zion alderdikideei galdera egiteaz gain, kontsulta Udaleko gainontzeko alderdiei ere egiteko.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!