Ekainaren 10eko giza katea antolatzen hasi dira Orion

Karkara 2018ko api. 27a, 13:22

Bi kilometroko ibilbidea osatzeko ardura izango dute ekainaren 10ean oriotarrek, eta 1001 pertsona beharko dituztela azaldu zuten atzo (osteguna) egindako aurkezpenean.

Gure Esku Dago dinamikak mobilizazio erraldoia iragarria du ekainaren 10erako. Eman eskua etorkizunari! lelopean, Donostia, Bilbo eta Gasteiz lotuko ditu 201,9 kilometroko giza kateak. Horretarako, gutxienez 100.000 lagun beharko direla jakinarazi du herri dinamikak.

Mobilizazio erraldoi horretan, oriotarrek bi kilometroko ibilbidea osatzeko ardura izango dute. Hain justu, Anibarko portutik Gurea enpresarainoko bidea eta Gurea enpresatik Txurrukarainoko bi kilometroak osatzea da asmoa, eta horretarako 1001 herritar beharko dituztela aditzera eman zuen atzo herri dinamikak.

Nolanahi ere, bi kilometro horiez gain, beste lau dinamizatzeko ardura ere izango dute. Horregatik, 60 boluntarioren laguntza beharrezkoa izango dela adierazi zuten.

Mobilizazioan parte hartu edo boluntario gisa egunean zehar laguntzeko, maiatzeko igandeetan herriko plazan jarriko duten mahaian eman daiteke izena. Parte hartzaileek maiatzaren 31 baino lehen eman beharko dute izena, baina boluntarioekin guztia antolatzeko denbora gehiago behar dutela eta, maiatzaren 15ean itxiko dute epea. Giza katean parte hartzeko izen emateak 5 euroko kostua izango du, eta Gure Esku Dago dinamikaren zapia jasoko du bueltan parte hartzaile bakoitzak.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!