Horma

Ander Etxebeste 2018ko mai. 1a, 10:00

Anjel Lertxundi idazlearen azken eleberriaren kritika egin du Ander Etxebestek.

Anjel Lertxundiren Horma eleberriko protagonista nagusia memoriari edo memoria ezari hormatua bizi den gizasemea da. Orainari aurre egin ezinik, iraganera joko du, aspaldiko kontuen hautsak astindu nahian. Horretarako, Alzeimerraren atzamarretan oroimena galdua duen amari zuzentzen zaio, galdera ikurrez jositako mar-mar batean. Lortuko al du Fidelek galdera horien erantzuna? Argituko al ditu haurtzaroko gertakizun lauso haiek, tartean, galdutako arreba txikiaren paraderoa?
Denboraren beste muturrean Marta dugu, Fidelen neska-laguna. Itzultzaileari etorkizun sortzaileagoa opa nahi diola, sortze-lan originala idaztera bultzatu nahi du Fidel. Hau ataka batean dago, ez atzera ez aurrera. Lortuko al du Fidelek liburu original hori idaztea? Inkomunikazioaren paradigma diruditen bi harremanen artean balantzaka dabil Fidel. Baina pasarte malenkoniatsuen artean ez da umorerik falta. Hizkuntzaren joku zirtolari eta jostariak eskaintzen dizkigu Anjelek, bai pertsonaia nagusiaren eskutik –Fidel Itzultzaile Elkartera doaneko pasarte antologikoan–, bai bigarren mailako batzuen ahotik –Laurdenerdi, Zikinbrillo–.
Alabaina, harreman-trama honi piper eta gatza ematen dioten hausnarketak ere maisuki tartekatzen dira nobelan, hari nagusia itzulpengintza eta originaltasuna direlarik. Jonh Berger idazleak zioen bezala: Memoriarik gabe ez dago gizakirik. Memoria funtsezko gaitasuna da idazteko, baina batez ere beharrezkoa dugu bizitzeko, eta bizirik gaudela sentitzeko.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!