Bosgarrena ez zen urruti izan

Jon Agirresarobe 2018ko mai. 3a, 12:28

4-4 amaitu zen igandean Mendibeltz zelaian Donostiako Kostkas taldearen aurkako partida. 0-3 jarri ziren atzetik Rubioren eta Garmendiaren mutilak, eta bi alditan lortu zuten markagailua berdintzea. Bosgarrenik ez zen iritsi, ordea; liga amaitzeko hiru partidaren faltan bigarren dira sailkapenean.

Orioko taldearen hamaikakoa: Alex Ondozabal, Imanol Arruti, Arkaitz Santos, Liber Perez, Alex Mujika, Iker Colado, Manex Dorronsoro, Antton Iturain, Anartz Amilibia, Harri Bruño eta Anoaur El/ghailani. Aulkitik aterata minutuak izan zituzten Mikel Erkiziak, Oier Olanok eta Aitzol Iruretagoienak.
Markagailua: Orioko 4 Kostkas 4  
Garapena: 0-3, 2-3 atsedenaldian, 2-4, 4-4.
Golegileak: 1. Antton Iturain. 2. Imanol Arruti 3. Harri Bru;o 4. Antton Iturain
Gertakariak: Mendibeltzeko harmailak topera, laurehun lagun inguru. Azpimarratzekoa jokalarien kiroltasuna, harmailan ere giro bera sumatu zen guraso eta zaleen artean.

Maldan gora jarri zen partida hasi eta berehala. 0-3 aurreratu zen Kostkas, baina oriotarrek ez zuten amore eman: pasez pase saretu zuten Matigoxotegiko taldearen zelai erdia eta atsedenaldiaren aurretik sartu zituzten bi gol. Bigarren zatian beste gol bat sartu zuten donostiarrek. Oriotarrentzat lan handia izan zen partida berdintzea, baina bosgarrena sartzeko aukerak ere izan zituzten.

Gauzak horrela hiru partida falta zaizkie liga amaitzeko. Lehengokoak, Mariño eta Ostadar izango dituzte aurkari, lehen eta azken partiduak etxean jokatuko dituzte. Maiatzaren 20ko asteburuan erabakiko da sailkapena. Bikoitza da saria: batetik, lehen postuan gelditzen denak beste taldeko irabazlearen aurka jokatuko du finala Gipuzkoako zelai neutral batean; bestetik,  lehen bi sailkatuek igoera lortuko dute. Momentuan, oriotarrak bigarren dira sailkapenean, falta diren partidak irabazi eta Kostkas taldearen berdinketa bat behar dute sailkapenean azken eskilara maila gainditu eta finalera sartzeko. Igoera esku artean dute Mendibeltzeko mutilek. Hemeroteka esku artean, bitan besterik ez da aritu Orioko Ohorezko kadete mailan:  iaz eta Imanol Alguacil loriatuaren esanetara aritu zirenean.

Kadete mailan  bi talde dituk Oriokok: Ligan ari da igandean zelaian ikusi genuen taldea eta kopan ari da bigarrena. Gazteenak aritzen dira bigarren taldean, baina ondoen aritzen direnak lehenengoan probatzeko aukera izan dute entrenatzaileek. Lehen taldearen zenbakiak izugarriak dira: 74 gol alde eta 12 kontra. Kostkasek 40 gol sartuko zituen urte osoan, hortik kontuak atera. Lehen itzulian bi partida galdu zituzten eta laugarren posturaino jaitsi zen Orioko, baina aitzakiarik gabeko bigarren itzulia egin dute. Hona hemen datuak: bi berdinketa eta beste partidu guztiak irabazi dituzte. Boladan dira Rubiorenak eta Garmendiarenak, baina entrenatzaileak lana eman nahi dio garrantzia: “taldea egin dute, beraien artean lagunak dira eta hori antzeman egiten da egunerokoan. Iaztik fisikoki indartu arren ez dute futbola ulertzeko modua aldatu, hanketan egoki darabilte baloia”. Astean bitan entrenatzen dute Mendibeltzen, asteazkenetan eta ostegunetan, bi ordu bueltako saioak egiten dituzte. Lan fisikoa ere baloiarekin egin zaleak dira Rubio eta Garmendia. Igandean geure begiekin ikusi genuen, 0-3 galtzen hasi arren ez ziren erotu. Ez zen urruti bosgarrena.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!