Orioko Bate Bizkorrak Valentziako Projecte taldeari gailendu zitzaion asteburuan

Karkara 2018ko mai. 15a, 09:42

Igandean Mendibeltzen jokatutako jardunaldian, 3-2 eta 5-0 emaitzekin lortu zuten garaipena OBB taldeko jokalariek.

Jokatutako lehen partidan, 3-2 emaitzarekin gailendu zen OBB, lehia oso orekatua izan ostean. Oriotarrek aurrea hartu zuten markagailuan, lehen sarreran karrera bat egitea lortuta. Projectekoek bigarrengoan berdindu egin zuten partida. Markagailua berdindua egon zen laugarren sarrera bitartean, zeinean Uxua Modregok puntu bat gehiago lortu zuen. Azken sarreran bi taldeek puntu bana lortu zuten, partida oriotarren aldeko 3-2 emaitzarekin bukatuz.

Jardunaldiko bigarren norgehiagokan, OBB nagusitasunez gailendu zitzaien kataluniarrei. Partida 5-0 emaitzarekin bukatzea lortu zuten. Nabarmentzekoa jardunaldian zehar Uxua Modregok, Maria Caicoyak, Uxua Zorozak, eta batez ere, Kelly Lovatok egindako lana.

Bi partida hauek irabazita, OBB sailkapen nagusiko laugarren postuan da. Igande honetan, Valentziako Fénix izango dute aurkari Mendibeltz zelaian. Lehen faseko azken jardunaldia izango denez, norgehiagokak garrantzia handia du oriotarrentzat, honen arabera sailkatuko direlako hurrengo faserako.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!