Kristina Salsamendi: “Lanean bokazioz jardunez gero, nahigabe ikasten da ofizioa”

Iñigo Gaiton 2018ko mai. 26a, 18:00

Uda hasieran itxiko du Cristinak bere amak 60ko hamarkadan ireki zuen denda. Bizitza oihal, jostorratz eta arropa artean pasa ostean, erretiroa hartzeko ordua iritsi zaio. Garai zailak diren arren, komertzio txikiak beharrezkoak izaten jarraitzen dutela iritzi du.

Dendan elkartu gara Cristinarekin. Mila lanetan dabil buru-belarri, erretiroa lasai hartu aurreko zereginak bukatu ezinda. Metroa eta guraizeak alboan lagata, gurekin esertzeko tartea hartu du. Hizketa biziarekin erantzun dizkigu egindako galderak.

Txikitatik izan duzu lotura jostorratz eta oihalekin.

Jostuna zen ama. Askotan ikusten nuen andregaien jantziak egiten. Etxea lanerako txiki geratu zitzaiola ikusita, lokala zabaldu zuten lanerako espazio gehiago izateko. Jostun lanez gain, arropa ekarri eta saltzen hasi ziren.

50 urte pasa dira ordutik.

Neska kozkorra nintzen garai hartan. Eskolatik ateratzean, dendara etortzen nintzen zuzenean, eta bertan ematen nituen arratsalde eta opor egunak. Orduak eta orduak: amari laguntzen, eskolako lanak egiten, jostatzen...

Eta dendakoa izan al zen zure lehen lana?

Bai. Eskola bukatu eta berehala. 19 urterekin, arropa erostera joan nintzen Londresera, hura izan zen lehen lan bidaia. Indiako arropa zegoen modan, gogoan dut.

Gerora ere asko bidaiatu izan duzu arropa erosteko, ezta?

Alemania, Frantzia eta Italiara sarri joan izan naiz, arropa azoketara. Madril eta Bartzelonara ere bisita ugari egin ditut.

Dendariaz gain, jostun lanean ere aritu zara. Erraz ikasi al zenuen ofizioa?

Bai, nahikoa modu naturalean. Bokazioa izan dudala esan daiteke. Zerbait benetan gustatzen zaizunean, oharkabean ikasten duzu ofizioa. Orduak oharkabean pasa izan zaizkit lanean.

Dendatik etxera lan asko eramandakoa al zara?

Bai, besteak beste, nire ogibidea asko gustatu zaidalako. Brometan, sarritan errepikatu ohi dut esaldi hau: ondoen, ohean lo nagoela josten dut... kar kar kar. Goizeko bostetan esnatu izan naiz askotan, arropa edo konjunto bati buruzko ideia batekin. Opor gutxi izan ditut urte guzti hauetan; hori du asko gustatzen zaizun zerbaitetan lan egiteak.

Ardatzan kanpoko bezero asko izan dituzuela entzun izan da.

Dendako erosleen %60-70a izan dut herritik kanporakoa. Elgoibartik, adibidez, jende asko etorri izan zait. Eibar, Azkoitia, Deba, Zumaia, Usurbil eta beste hainbat lekutako bezeroak ere izan ditut.

Oriora, arropa erostera... Orain alderantziz gertatzen da.

Garaiak aldatu dira. Lehen, agian, kanpotik ekartzen nuen arropak estilo jakin bat zuen, eta horren bila etortzen zen jendea. Dendariaz gain jostuna izateak ere erakarri izan ditu bezeroak.

Denda txiki asko itxi dira herrian azken urteotan.

Egoerak hobera egingo duen esperantza dut. Komertzio txikia beharrezkoa da. Foru Aldundiaren arabera, komertzio txikiak sortzen du Gipuzkoako BPG-aren %20. Lanpostu asko dira. Adituen iritziz, orain arte industria garatzera baliabide asko bideratu diren bezala, orain komertzio txikiari lagundu behar zaio.

Arkupe elkarteko sortzaileetako bat izan zinen, eta presidentea zara gaur egun. Orain Herri Plataforman ere parte hartzen duzu. Zerk motibatuta?

Oriotarra naiz, dendari edo jostunaren aurretik. Oriori, herriari, onena opa diot, eta horrek bultza nau batean eta bestean jardutera. Taldean lan egiteak herriarentzat onurak bakarrik sortzen dituela pentsatzen dut.

Ekainean itxiko duzu denda, urte askoren ostean.

Beste gauza batzuk egiteko garaia heldu zait: besteak beste, ondo margotzen ikasi nahi dut. Duela bospasei urtetik Donostiara joaten naiz pintatzera, eta tarte honetan, gauza bat ikasi dut: ez dakidala pintura munduaz ezer. Jubilatzean, hutsetik ikasten hasiko naiz eskolaren batean.

Jose Ramon, aita, margolari fina zen. Berarengandik al datorkizu afizioa?

Ez dakit zer erantzun. Aitak Orion egin zuen azken erakusketan nire koadro bat jarri genuen ikusgai. Oso berezia izan zen niretzat. Jasota ditut aitak hil baino astebete lehenago egindako marrazkiak. Azken momentura arte margotu zuen.

Zer ematen dizu pinturak?

Gozamena. Etxean margotzen jarduten naizenean, musika jartzen dut, eta tarteka, pintzelak eskuan ditudala dantzan ere hasten naiz... kar kar kar Nire ofizioa izan denarekin lotura duela ere esan dezaket: koloreak, testurak, formak... Dena sar daiteke sorkuntzan.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!