Prekarietatea salatzeko, bi orduko lanuzteak eta kontzentrazioak deitu ditu LABek asteazkenerako

Urola Kostako Hitza 2018ko mai. 28a, 16:02

Herri sarrerako biribilgunean elkarretaratzea deitu du sindikatuak, 12:45etik 13:15era. 'Estatalizazioa=prekarizazioa. Lan marko propioaren alde' lelopean. LABek azaldu duenez, sindikalismoak "erronka garrantitsua" du prekarietateari eta pobrezia egoerari kalean erantzuna emateko, eta horregatik deitu ditu mobilizazioak.

Prekarietatea salatzeko bi orduko lanuzteak deitu ditu LABek asteazkenerako, maiatzaren 30erako. Herriz herri elkarretaratzeak deitu ditu sindikatuak 12:45etik 13:15era, eta Orioko kontzentrazioa herri sarrerako biribilgunean egingo dute Estatalizazioa=prekarizazioa. Lan marko propioaren alde lelopean.

LABek azaldu duenez, sindikalismoak “erronka garrantzitsua” du prekarietateari eta pobrezia egoerari kalean erantzuna emateko, eta horregatik deitu ditu mobilizazioak. “Argi dugu Euskal Herrian aldaketa sozialaren alde dagoela gehiengo handi bat, eta kalean ari gara hori aldarrikatzen; emakumeak, pentsiodunak, lan gatazkak dituzten enpresetako langileak eta Maiatzaren Lehenean kalera irtendako lagunak dira horren adibide”. Orain, baina, Lan Harremanetarako Euskal Esparruaren alde eta estatalizazioaren nahiz prekarietatearen aurka dauden pertsonak mobilizatzea nahi du LABek.

Prekarietatea eguneroko kontua dela azaldu du sindikatuak, eta salatu du estatalizazioaren bidez “prekarietatea geldiarazteko bideak mugatu” nahi dizkietela. “Estatalizazioa euskal langileoi estatu mailako lan baldintzak aplikatzeko estrategia da, eremu pribatuari edo langile publikoei dagokienez; gure lan hitzarmenek arautzen dituzten lan baldintzak ez betetzeko eta merkeagoak eta okerragoak diren baldintzak inposatzeko estatu estrategia”. LABek azaldu duenez, modu horretan patronalaren etekinak biderkatzen jarraitu nahi dute eta Madilgo sindikatu eta indar korrelazioen araberako naldintzak inposatu nahi dituzte, euskal langileei erabakitzeko eskubidea ukatuta.

Sindikatuak ohartarazi du estatalizazio eta prekarizazio prozesuaren menpe jarraituko dutela, lan eremuan burujabetza eskuratzen ez badute. Horregatik, argi du Euskal Herrian hartu behar direla lan eta bizi baldintzen inguruko erabakiak. Horrenbestez, estatalizazioaren kontrako jarrera agertzeko eta lan baldintzak Euskal Herrian arautzeko eskubidea aldarrikatzeko herritarrei mobilizazioetan parte hartzeko deia egin die LABek.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!