Orioko Euskaraldiko hamalaukoa aurkeztuko da ekainaren 2an

Karkara 2018ko mai. 28a, 18:00

Euskaraldiaren Euskal Herriko hamaikakoa aurkeztu zuten apirilaren 18an Bilbon; ekainaren 2an aurkeztuko da Orioko hamalaukoa Herriko Plazan.

Euskal Herriko hamaikakoa osatzen duten lagunek erabaki dute parte hartuko dutela EUSKARALDIA: 11 EGUN EUSKARAZ ekimenean; batzuek ahobizi gisa eta beste batzuek belarriprest gisa. Apirilaren 18an Bilbon egin zuten agerraldi publikoan jendea animatu zuten azaroaren 23tik abenduaren 3ra Euskal Herri osoan egingo den ekimenean parte hartzera.Euskaraldiaren antolatzaileek irekita utzi dute tokian toki beste hamaikako batzuk sortzeko aukera, eta herri batzuetan dagoeneko hasita daude tokiko hamaikako horiek osatzen (Zarautzek, esaterako, apirilaren 22an aurkeztu zuen berea). Tokiko hamaikako horien funtzioa izango da inguru hurbileko jendea animatzea Euskaraldian parte hartzera eta eredu eta akuilu izatea herritarrentzat.

Orion, hamalau!
Orion Euskaraldia antolatzen ari den lantaldeak erabaki du ekimenaren aurpegia osatuko dutenen taldea ez izatea hamaika lagunekoa, baizik-eta hamalaukoa. Traineru bat osatzea, alegia, patroi eta guzti.

Orioko hamalaukoa herriko hamalau lagunek osatuko dute, Euskaraldian ahobizi edo belarriprest izatea erabaki dutenak. Beren erabaki hori publiko eginez, gainerako herritarrak animatuko dituzte parte hartzera eta, nolabait, ekimenaren enbaxadore eta bistako aurpegia izango dira Orion, Euskaraldiaren berri zabalduz oriotarren artean.

Hamalaukoaren kide bakoitzak, gainera, bere hamalauko propioa osatuko du ondoren. Hau da: bakoitzak beste hamalau pertsona konbentzituko ditu Euskaraldian parte hartzeko, ahobizi ala belarriprest gisa, nahiz eta bigarren zerrenda hori ez den publiko egingo.

Ekainaren 2an, aurkezpena
Arraun Elkarteak ekainaren hasieran urtero antolatzen duen Garagardo Azoka baliatuko du Orioko Euskaraldiaren lantaldeak hamalaukoaren aurkezpen ekitaldia egiteko. Herriko Plazan izango da, ekainaren 2an, larunbatarekin, 13:00etan hasita, eta bertan jakinaraziko da nortzuk osatzen duten Orioko Euskaraldiaren hamalaukoa.

Prestakuntza-saioa
Orioko Euskaraldiaren lantaldeko lagunek, bestalde, lau orduko prestakuntza-saioa egingo dute larunbat horretan bertan, ekainaren 2an, goizez, hizkuntza-ohiturak aldatzeko prozesuei buruz. Prestakuntza-saioa Ahize- AEK-k bideratuko du eta horren kostuak Orioko Udalak hartu ditu bere gain.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!