'Bolera'

Karkara 2018ko mai. 28a, 20:00

Ainara Lasak Karkararen 395. zenbakiko 'Nire honetan' txokorako idatzi duen iritzi artikulua.

Gogoan dut 14 urte nituela, aste tartean ostirala iristeko desiratzen egoten nintzela. Egun hori behin ailegatuta, motxila eta eskolako traste guztiak etxean utzi, eta asteburuko zorroa prestatzen nuen Maialenenera asteburu pasa joateko.

Orioko paseoan pipak jaten, algaraz jositako ibilaldiak egin ohi genituen; ondoren, bazkaldu eta arratsalde partean, irrikaz itxaroten genuen unea iristen zen: bolerara joatekoa. Oriotar, aiar eta inguruko bizilagun askoren topalekua zen hura. Eskailera horiek jaisteak nolabaiteko erreparoa ematen zuen hasieran.

Baina estutasunaren ostean, dibertsioa genuen ate joka, makina, karta, domino, billar eta askotariko forma eta formatuetan. A ze uneak, bozgorailutik Su ta Gar, Eraso edo Negu Gorriaken azken hit-ek belarriak astintzen zizkigutenekoak, litxarreriak janez sikiera oin-orpoa mugiarazten zizkiguten kantak.

Azkar igaro ohi ziren larunbat eta igande arratsaldeak boleran. Ez nuen ezer gehiago behar, inondik inora; zoriontasunaren gakoa hor baitzegoen: adiskidetasuna, giza harremanak, inozentzia berreskuraezin hori, ilusioa, eta solasaldi oparoak –tira, hamasei urterekin izan daitezkeen azaleko konbertsazioak–.

Agian baten bati irribarrea marrazten ari zaio une honetan, oroitzapen horiek gogora ekarriz. Mugikorraren falta sumatu du inork? Nik ez behintzat.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!