Jubilatuok, aspertzeko astirik ez!

Txomin Iribar | Jubilatuen Elkarteko Presidentea 2018ko mai. 29a, 09:00

Datorren irailean Andaluziara egingo dugu bidaia, 17tik 25era. Interesatuak oraindik izena emateko garaiz
dabiltza, telefonoz deituz.

Orioko Jubilatu Elkartetik –aiarrek ere presentzia eta partaidetza zabala dute bertan– urtean zehar ekintza ugari antolatzen ditugu. Esaterako, esku-lan tailerrak, bingoa, solasaldiak, mus txapelketa, irteerak, eta irailean egin ohi dugun zortzi bat eguneko bidaia. Holandan, Frantzian, Portugalen edota Italian egon gara azken urteetan. Bidaia horiek antolatzeko lan handia egiten da zuzendaritza batzordetik,
guztia ondo atera dadin.


Bidaien harira, datorren irailean egingo dugun txangoaren berri eman nahi dut lerro hauen bitartez: datorren irailaren 17tik 25era Andaluziara joango gara. Bederatzi egun eta zortzi gau igaroko ditugu Andaluzian barrena: Merida, Sevilla, Kordoba eta Granada bisitatuko ditugu. Dagoeneko 33 pertsonak eman dute izena, beraz, interesatuek nire mugikorrera deitu dezakete Txomin: 626471423) informazio guztia jaso eta izena emateko eman beharreko urratsak azaltzeko.


San Pedro jaiak ate joka ditugula aprobetxatuz, esan behar dut urtero jaietan 70 urtetik gorakoentzat egiten den bazkaria aurtengo sanpedrotan ere egingo dela.


Argi dago Aiako eta Orioko jubilatuek ez daukagula aspertzeko denborarik. Eta aspertzen dena, nahi duelako da! Jubilatu guztiak dira ongietorriak gurean, eta zuzendaritza batzordeak antolatzen dituen makina bat ekintzatan parte hartzera animatzen zaituztet.


Guk zahartzaro aktiboa eta oparoa defendatzen dugu, horrenbeste urtez lan egin ondoren, merezi dugulako.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!