Aurkeztu da Orioko 'euskararen trainerua'

Karkara 2018ko eka. 2a, 15:34

Euskaraldiaren Orioko hamalaukoa aurkeztu berri da gaur eguerdian.Jon Agirresarobek gidatutako ekitaldian aurkeztu dira Euskaraldia ariketan parte hartuko duten hamalau aho-biziak eta belarri prestak.

Euskaraldiaren Orioko hamalaukoa aurkeztu berri da herriko plazan gaur, hilaren 2an, eguerdiko 13:00etan. Jon Agirresarobek gidatutako ekitaldian Euskaraldia ariketan parte hartuko duten hamalau aho-biziek eta belarri prestek hartu dute hitza.

Euskararen trainerua
Orion Euskaraldia antolatzen ari den lantaldeak erabaki du ekimenaren aurpegia osatuko dutenen taldea ez izatea hamaika lagunekoa, baizik eta hamalaukoa. Traineru bat osatzea, alegia, patroi eta guzti. 

Orioko hamalaukoa herriko hamalau lagunek osatuko dute, Euskaraldian ahobizi edo belarriprest izatea erabaki dutenak. Ondorengoek osatuko dute euskararen aldeko traineru oriotarra:

1.- Nadeth Agirre
2.- Richard Diatta
3.- Amayi Loidi
4.- Oihan Gozategi
5.- Miguel Miera
6.- Josi Roig
7.- Miren Etxeberria
8.- Marijo Salsamendi
9.- Leire Fernandez
10.- Iñigo Exposito
11.- Maria Jesus Elortza
12.- Elena Baylin
13.- Jaime Colado
14.- Bakartxo Begiristain

Hamalaukoak gainerako herritarrak animatu dituzte parte hartzera eta, nolabait, ekimenaren enbaxadore eta bistako aurpegia izango dira Orion, Euskaraldiaren berri zabalduz oriotarren artean.

Hamalaukoaren kide bakoitzak, gainera, bere hamalauko propioa osatuko du ondoren. Hau da: bakoitzak beste hamalau pertsona konbentzituko ditu Euskaraldian parte hartzeko, ahobizi ala belarriprest gisa, nahiz eta bigarren zerrenda hori ez den publiko egingo.

Prestakuntza-saioa
Orioko Euskaraldiaren lantaldeko lagunek, bestalde, lau orduko prestakuntza-saioa egin aurkezpen ofiziala baino lehenago.Prestakuntza Ahize- AEK-k bideratu du eta horren kostuak Orioko Udalak hartu ditu bere gain.

11 eguneko erronka
Euskaraldiak erronka zehatza planteatu die herritarrei: 11 egun euskaraz. 2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitartean, euskara ahalik eta gehien erabiltzeko saiakera egingo dute herritar askok Euskal Herri osoan. Erronka, informazio eta motibazio kanpaina handi batekin lotuta joango da.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!