Festak direla eta

Egoitz Dorronsoro 2018ko eka. 28a, 12:30

Egoitz Dorronsorok jaien inguruan idatzitako iritzi artikulua.

Festen atarian egonik, azken urteotan alde batera utzi den eztabaida ekarri nahi dut gogora: Bisiguaren Eguna. Itxura denez, herrian sustraitu den festa bada ere, bada zer pentsatu edo hausnartua.

Azken urteetako udal aurrekontuei begiratuz gero, sanpedrotan 35.000 €, San Nikolasetan 40.000€ eta Bisiguaren Egunean 60.000 mila euro gastatzen dira, nahiz eta 2018an zifra 39.500 eurora jaitsi.

Herrian galdua den produktu baten jaia antolatzeko, ia herriko festak batera adina diru gastatzen da. Bi festak batera baino egun eta ekintza gutxiagorekin. Gainera, otorduak mugatuak dira, bai jende kopuruz eta aurrekontuz; jatera joateko, hatzarekin gonbidatuak izan ezean, 45 euro ordaindu behar baitira.

Ondorioz ez da herritar orok parte hartzeko festa, klasista da. Besteen artean, ikasleek (tartean gurasoen paga ona ez bada) ezin dute joan, ezta langabetu zein pentsiodun arruntek. Eta guzti hau, lehendik ere beraien jantokiak betetzeko arazorik ez dituzten herriko erretegi ezagunen sona areagotzeko.

Bisiguaren Festan diru publikoa xahutzeak, San Pedro eta San Nikolas festetan eragina du, festetan ez dago merezi duen ezer! bezalako esaldien sorburu baita. Herritarren mugimendu eskasa ahaztu ezina den arren, Udalak badu bere ardura. Diru kopuru horrekin, egunero kantu berberak entzuteko, gauero berbena eskasak ekartzeaz haratago, ezer gutxi egin daiteke.

Gainera, Udala leku onean geratzea ekarri duten ekintza gehienak, herriko eragile ezberdinen ideietatik eta lanetik sortu dira. Hala ere, udaletxeak ez ditu boluntario hauek zaindu, aprobetxatu egin da, herritarrak haserretu eta erre diren arte.

Herritarrok ere merezi dugu errieta: soilik dirua behar dugunean txosnetan parte hartzea ez baita herritik herriarentzako
filosofia. Alderantziz, dirurik behar ezean ere, txosnetan parte hartu eta behar gehiago duten eragileei dirua ematea da filosofia. Jarrera desegokia da ere, Udalak emandako diruaren zati bat afariak egiteko erabiltzea, herri bazkaria antolatzen duenak bere otordua ordaindu behar duenean. Baina lasai, egunen batean herritarrak kexatu eta antolatuz gero, Udalak %1,6 igoko ditu jaien aurrekontuak eta guztiok pozik! (Oharra: ironia da).

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!