Oposizioko alderdiek gutun bateratua argitaratu dute Dike eremuaren eta Kofradiaren inguruan

Karkara 2018ko eka. 28a, 15:35

Orioko PSE-EE, Orain eta EH Bildu alderdiek sinatzen dute "Dike eremua eta Kofradia: garaiz gaude oraindik" titulua duen gutuna.

Honela dio gutunak, zehazki:

Ibilbide luze eta katramilatsu baten ondoren, bilera egin genuen ekainaren 21ean Orioko Udaleko talde guztiek eta kofradiak, eta ados jarri ginen, hasiera batean, behin betiko irtenbidea emateko Kofradiaren eraikinaren egoera penagarriari.

Adostasun-hasiera hori Udalak eta Kofradiak 2005ean sinatu zuten hitzarmenean oinarrituta dago. Hitzarmen hartan aurreikusitakoa Kofradiaren orubean exekutatu ezin denez, hitzarmeneko eskubide urbanistikoak Dikeko planera pasatuko lirateke.

Dike eremuko lur-jabeek ondo hartu zuten aukera hori 2018ko maiatzaren 15ean egindako Kontzertazio Batzordean eta bi baldintza hauek jarri zituzten: batetik, eraikigarritasuna handitzea Dike eremuan, egitasmoa bideragarria izateko; eta, bestetik, plan berriaren garapena arintzea, aldaketa puntual baten bidez, logikoa iruditzen zaiguna.

Hilabete eta erdi pasatu eta gero udal gobernuak erantzunik eman ez duenez, Dike eremuko lur-jabeek joan den asteazkenean egindako Kontzertazio Batzordean erabaki dute gaur egungo antolamendu-planari berriz heltzea eta hori tramitatzea. Horrek egoerarik txarrenean uzten gaitu, ia bide guztiak ixten dituelako irtenbidea emateko Kofradiako eraikinaren egoerari eta herriko ekipamendu eta dotazio publikoak hobetzeko aukerari.

Garbi ikusten dugu EAJko udal gobernuak arin eta arduragabe kudeatu duela gai hau; baina uste dugu oraindik badugula aukera egoera bideratzeko.

Hori dela-eta, PSE, Orain eta EH Bildu talde politikoek honako hau eskatzen diogu EAJren udal gobernuari: berehala jar ditzala mahai gainean beharrezko txostenak, Udaleko talde politikoek aukera izan dezagun gure jarrera erabakitzeko Dike eremuko lur-jabeek proposatutako aldaketa puntualari buruz eta Kofradiarekin hitzarmen berria sinatzeari buruz.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!