Asier Sarasola: "Iazko sanferminetan gozatu eta sufritu, biak egitea tokatu zitzaidan"

IƱigo Gaiton 2018ko uzt. 6a, 16:00

Duela ordu gutxi bota dute Iruñean aurtengo San Fermin jaiei hasiera eman dien txupinazoa. Etzitik aurrera, Asier Sarasola musikari oriotarra ere han izango da zazpi egunerako, tronpeta eskuan eta ofizioaren blusa soinean hartuta.

Kaleak girotzea eta jendea dantzan jartzea izango da zure lana datozen egunetan.

Hori da. Lehen urte askotan jo dut txarangetan, baina tronpetako goi mailako ikasketak egiten hasi nintzenean, laga egin nituen kaleko ibilerak; txarangetan jarduteak, tronpeta jotzeko ikasten ari nintzen teknika berriei eragiten zien. Kasu honetan, Iruñera joatearena ofizio hutsa da, lana. Bizi beharra dago nolabait!

Zenbat zarete taldean?

15 lagun inguru. Kalean hamahiru bat ibiltzen gara, eta txandak egiten ditugu, deskantsatu ahal izateko.

Noiz izan zinen aurrenekoz sanferminetan lanean?

Iaz, zazpi egunez, Gazte txarangarekin. Partaideak aspalditik ezagutzen ditut, eta sanferminetarako lehen kontratua lortu zutenean, deitu egin zidaten.

Ba al da konpetentziarik txarangen artean peñen kontratuak lortzeko?

Bai. Hamabost inguru dira aste osorako txarangak kontratatzen dituzten peñak. Ondo ordaindutako lana izan ohi denez, izaten da konpetentzia, bai.

Eta lan baldintzak, onak al dira?

Nire kasuan, bai. Duela urte batzuk multa handiak jarri zitzaizkien txarangei, eta ordutik aurrera, musikari gehienoi legezko kontratuak egiten dizkigute.

Zenbat ordu jotzen dituzue egunean?

Zortzi edo hamarretik gora.

Asko dira.

Iaz sufritzera ere iritsi nintzen. Mentalki eta fisikoki leher eginda bukatu nuen astea. Festa guztietan bi egun izaten ditugu jai txarangako partaide bakoitzak, eta iaz, bi egun horietan kontzertuak jo nituen Gozategirekin.

(...)

Aurten ere halatsu ibiliko naiz. Uztailaren 7an eta 14an kontzertuak ditut Asier eta konpainiarekin. Tarteko egun guztietan, Iruñan izango naiz.

Festarik festa ibiliko zara, parrandarik egin gabe.

Nahikoa lan izaten dut egunero deskantsurako tartea hartzen... Txaranga batzuetako partaideek lortzen dute jotzeaz gain parranda ere egitea. Niri ezinezkoa zait biak uztartzea.

Parrandarako astirik ez, baina ondo pasatzeko tarteak aterako dituzue.

Bai, aste osoa abentura bat da, primeran pasatzen dugu. Bestalde, txarangako partaideak musikari bikainak dira, eta ikaragarri gozatzen dut beraiekin jotzen.

Zenbat abestiko errepertorioa duzue?

200 kantutik gora ditugu zerrendan.

Estilo ezberdinetakoak denak.

Bai, pieza klasikoenetatik hasi eta Despacito edo antzeko kantu komertzialen moldaketetaraino.

Iruñeko festa kaosa ere bihurtu ohi da sarri. Jendeak uzten al dizue bakean lan egiten?

Beno, arratsaldero zezen plazan jotzen dugu, eta goiko harmailetatik denetik botatzen digute: janaria, edaria, izotz kozkorrak, edalontzi hutsak... Kalean, jendea pilatzen den guneetan, peñako kideek giza katea egiten dute gure inguruan, eskutik helduta, instrumentuak lasai jotzeko aukera izan dezagun.

Ondo zaintzen dituzte musikariak.

Bai. Orokorrean, Nafarroan jendeak asko apreziatzen ditu txarangak, hango ospakizunetan parte garrantzitsua dira.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!