Bisiguaren Festan `Castellers de Vilafranca´taldearen ikuskizuna izango da

Karkara 2018ko uzt. 8a, 09:00
Argazkia: Xavi Oller

Uztailaren 13tik 15era Euskal Herria bisitatuko dute kataluniarrek. Alegiako festetan, Oreretan, Orion eta Donostian emango dituzte ikuskizunak.

Castellers de Vilafranca 1948. urtetik giza dorreak egiten dituen erakundea da, kirola eta kultura uztartzen dituena, Vilafranca del Penedes herrikoa. Interes publiko eta irabazi asmorik gabeko etalde honek 70 urteko historia du, eta adin, ideologia, erlijio eta ilusio askotariko mila lagun baino gehiago biltzen ditu. 

Taldeko kideak astean hirutan borondatez biltzen dira entrenamenduak egiteko. Taldean lan egin eta aurreko erronka gainditzea dute helburu, eta bide horretan, hamaika aldiz izan dira bi urtez behin urriko lehen asteburuan Tarragonan jokatzen den Concurs de Castells sonatuaren irabazle. Besteak beste 2002. urtetik hona jokatutako zortzi edizioak irabazi dituzte.

Castellers de Vilafranca herriko eta inguruko erakunde kultural handienetakoa da, eta herrialde katalanen enbaxadore lanak egin izan dituzte atzerrian. 1973an Parisen egin zuten lehen erakustaldia, eta ordutik, Londres, Erroma, Frankfurt, Lisboa, Txile, Bonbai, New York eta Xangain izan dira, besteak beste.

Uztailaren 13tik 15era Euskal Herrian izango dira. Alegiako Festetan egingo dute lehen emanaldia, Oreretan, Orion eta Donostian izango dira larunbatean eta Elizondon igandean. Euskal Herrian ez da inoiz bederatzi pisuko giza-dorrerik egin, eta taldea helburu hori betetzen saiatuko da.

Orio eta Vilafranca herrietako kultur taldeek harreman handia izan dute azken urteetan. Falcons de Vilafranca taldea San Pedro festetan eta Orio Arraunketa Elkarteak antolatutako garagardo azokan aritu izan da. Harreman horren ondorioz, Orioko kultur taldeek emanaldiak egin dituzte Vilafrancan.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!