Grebara deitu dute Gipuzkoako hondartzetako sorosleek astebururako, eta tartean dira oriotarrak

karkara 2018ko uzt. 26a, 16:25
Gurutze Gorriko soroslea hondartza zaintzen

Sorosleen artean ez da berria lan baldintzen inguruko kezka. Donostiako zein Orioko langileak iaz hasi ziren mugitzen, eta ELA sindikatura jo zuten.

Hilaren 29rako, 30erako eta 31rako greba deitu dute Gipuzkoako hainbat hondartzatako sorosleek, tartean oriotarrek. Tokian tokiko udalak azpikontratatutako langileak izan arren, hondartza guztietako sorosleek adierazi dute gaiari buruz hitz egiteko eta lan baldintzak hobetzera bidean pausoak emateko premia.

Sorosleen artean ez da berria lan baldintzen inguruko kezka. Donostiako zein Orioko langileak iaz hasi ziren mugitzen, eta ELA sindikatura jo zuten. Gurutze Gorriko langile batzordearekin eta arduradunekin aritu ziren hizketan, eta Donostiako sorosleek hobekuntza txikiren bat lortu bazuten ere, ez ziren sorosleek eskatutakora hurbildu ere egin. Beraz, akordio falta honen aurrean, orain sorosleek ez dute greba egitea beste irtenbiderik ikusi, beren eskakizunak bete daitezen. Auzia publiko egin eta Gipuzkoako gainontzeko hondartzetako sorosleekin jarri dira harremanetan Donostikoak, herrialde mailako mugimendu bat osatuz.

Iker Ostolaza Orioko sorosleak adierazi zuen bezala, "ez dago hondartza guztietako sorosle guztiak barnebiltzen dituen hitzarmenik. Ez dago inon idatzita zeintzuk diren sorosleon eskubide zein betebeharrak". Egoera horretan, inork ez duela ardura beregain hartu nahi azaldu du Ostolazak. "Enpresek diote eskatzen ditugun gauzak oso zailak edo ezinezkoak direla, udal batek besteari pasatzen dio pilota, eta inork ez du erantzunik ematen".

Tokian tokiko kudeaketa bereiziek sorosleak kaltetu baino ez dituela egiten ere aipatu du Ostolazak. «Udal bakoitzak akordio propio bat du hondartza kudeatzen duen enpresarekin. Ondorioz, hondartza bakoitzean ordutegiak, lan baldintzak eta egoerak desberdinak dira, baina guztiok bagara sorosleak eta denok lan berdina egiten badugu, guztiok ditugu premia berdinak, eta une honetan behar horietako bat guztion lan baldintzak hobetzea da». Hori lortu ahal izateko, sorosle guztiak barnebilduko dituen hitzarmen bat lortzea funtsezko borroka dela adierazi du. Horri lotuta, Ostolazak garrantzia handia eman dio sorosleen arteko batasunari.

Jarraitu artikulua irakurtzen Zarauzko Hitzan

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!