Asier Nieto eta Ibai Jauregi: "Egiten dugun lana eta gure lan baldintzak ez datoz bat"

Zarauzko Hitza 2018ko uzt. 31a, 10:12
Asier Nieto eta Ibai Jauregi. (Zarauzko Hitza)

Zarauzko sorosleak beren lan baldintzak salatzeko protestak egiten ari dira egunotan. Zarauzko Hitzak Zarauzko sorosleen ordezkariak elkarrizketatu ditu, eta tartean da Ibai Jauregi oriotarra.

Zergatik ari zarete protestan? 
Asier Nieto:
Laburbilduz, uste dugulako gure lan baldintzetan ez dela egiten dugun lana islatzen. Lan baldintzak eta lana ez datoz bat. Zarauzko hondartza penintsulako arriskutsuenetarikoa da. Oso hondartza irekia da, itsasaldi eta korronte gogorrak izaten dira, jende asko egoten da, arrokadun bi eremu ditugu... Egiten dugun lana herrian oso garrantzitsua dela iruditzen zaigu. Suposatzen dituen arrisku eta ardura maila kontuan izanik, lan baldintzak ez dira errealitatera egokitzen; ez soldata aldetik, ez lanerako material aldetik.

Nolakoa da sorosleen lana?
A.N:
Egunean 9 ordu pasatzen ditugu hondartzan bueltaka, eguzkitan, arrisku desberdinei aurre egiten, hondartza zaintzen, laguntza ematen, portuan jauziak babesten, inmobilizazioak burutzen, harroken ingurua zaintzen... Eta gainera, hondartza jendez gainezka egonda. Lan ikaragarria da hau guztia aurrera eraman eta kudeatzea, eta ez dugu uste nahikoa baloratzen denik.

Ibai Jauregi:Ematen dugun zerbitzua ez dugu konpentsatua ikusten. Gure lana ez da asko ikusten, oso diskretua da. Baina datuak begiratzen hasiz gero, zifrak harrigarriak dira; erreskatatzeak, laguntzak... Badirudi hondartzan ez dela ezer pasatzen sirena entzuten ez bada, baina sorosleen lanean mugimendu asko dago egunero. Atzeko lan asko dago, eta askotan kostata edo iritsi ezinik ibiltzen gara.

Zeintzuk dira zuen eskakizunak?
I.J:
Batez ere, soldataren eta materialaren inguruko eskakizunak dira; soldaten igoera, igande eta jaiegunetan lan egiteagatik gehigarri bat jasotzea eta materialaren eguneratzea. Egunez egun dugun erritmoarekin eta eguzkitan zein itsasoan egonik, materiala azkar higatzen da, eta ez da ia eguneratzen. Gurutze Gorriak ez ditu pleguetan ezarrita dauden minimoak betetzen, nahiz eta udalak horretarako ematen dien dirua. Sorosleok ibiltzen gara Gurutze Gorriaren kudeaketak eragiten dituen hutsuneak ahal bezala betetzen, eta oso larri.

Jarraitu elkarrizketa irakurtzen Zarauzko Hitzan

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!