Aldapa elkarteko kideek Tour du Mont Blanc proba egin dute

Karkara 2018ko abu. 1a, 16:00
Tour du Mont Blanc zikloturista proban parte hartu duten kideak. (Iturria: Mikel Errasti)

330 kilometro eta 8.000 metroko desnibela du Tour du Mont Blanc probak.

Aldapa elkarteko zazpi lagunek uztailaren 21ean Tour du Mont Blanc zikloturista proban parte hartu zuten, Frantziako Alpeetan. Aitor Lertxundi, Jon Errasti, Felix Urain, Asier Otaño, Xabier Altuna, Mikel Errasti eta Aitzol Arrospide normalean inguruko proba zikloturistetan aritu ohi dira, baina noizbehinka atzerrikoak ezagutzera ere animatzen dira. Besteak beste, Belgikako Lieja-Bastogne-Lieja edo Luchon-Baiona zikloturista probetan parte hartu izan dute, bazkari batean Tour du Mont Blanc egitea bururatu zitzaien arte. Zikloturista probarik gogorrenetakoa da distantziarengatik eta desnibelarengatik. Izan ere, 330 kilometro luze ditu probak, eta zortzi mendate igo behar izaten dituzte parte-hartzaileek, guztira 8000 metroko desnibela osatuz.

Pasa den urrian hasi ziren proba prestatzen, eta parte-harzaile bakoitzak norberaren egoerara egokitutako entrenamendua egin duela nabarmendu dute. 330 kilometroko proba egiteko erresistentzia hartu behar da, eta horrek ahalegin eta sakrifizio handia eskatzen du, adierazi dute taldeko kideek.

Bestalde, Mikel Errasti zikloturistaren iritziz, garrantzitsua da horrelako proba batera bizikletan ibiltzeko irrikaz joatea. Bizikletaren gainean 14 ordu egin genituen, eta mota horretako ibilbide luzeetan ohiko da gora-beherak izatea. Horregatik, laguntasuna eta elkarkidetza erronka gainditzeko gakoa izan direla uste dute. Hasieratik argi genuen proba elkarrekin egingo genuela. Lasterketan zehar une paregabeak pasa ohi dira, baina normala izaten da momenturen batean beheraldiren bat izatea. Une horietan garrantzitsua da aurrera jarraitzera animatuko zaituzten lagunak izatea. Irteeratik helmugara arte elkar animatu eta elkar lagundu ziren oriotarrak, eta izan zuten elkarri adarra jotzeko tarterik ere.

Oztopoak oztopo, inguruaren edertasunaz gozatu zutela nabarmendu dute Aldapako kideek. Eguraldia lagun izan zuten ia egun osoan, baina zenbait unetan euria eta hotza izan zituztela ere aipatu dute. Parte-hartzaileen esanetan, bide horretan ezinbestekoa izan zen Elaia Altunak eta Iraide Aristizabalek emandako laguntza. Bezperako egunetik eta proba osoan taldearen zaindariak izan ziren. Gure alboan joan ziren furgonetarekin, une oro taldeko partaide bakoitzari arropa, janari, edari, animoak eta beren irribarrea eskainiz. Ordaindu ezin den laguntza eman ziguten, eta taldearen euskarria izan ziren proba burutu ahal izateko, azaldu dute.

Emakumeak ere bizikletan
Orioko Aldapa zikloturista elkartean emakumerik ez badago ere, parte-hartzaileek nabarmendu dute Tour de Mont Blanc proban emakume dezentek parte hartu zutela, oso maila ona erakutsi zuten gainera. Guk ere beren denbora librean bizikletan ibiltzea atsegin duten emakumeak Orioko zikloturisten elkartean parte hartzera animatu nahi ditugu, Aldapako ateak irekita baitituzte.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!