Angeles Pascual eta Vicente Bravo: "Monumentuak, kaleak eta eraikinak oso ondo daude zainduta Orion"

Karkara 2018ko abu. 2a, 16:00

Ia bi aste pasako ditu Madrildik etorritako bikoteak. Orioko turismo bulegoan informazio zabalagoa eskuratu, eta herriko zein inguruetako herrietako parajeez, gastronomiaz eta kulturaz gozatzera hurbildu dira Euskal Herrira.

ANGELES PASCUAL ETA VICENTE BRAVO- Getafetik (Madril) etorritako bisitariak

Lehenengo aldia da Orion zaudetela?
Angeles Pascual.
Ez. 15 urte genituela, orain dela 30 bat urte, Txurrukan egon ginen, bi astez, udaleku batzuetan. Oroitzapen ederrak genituen, eta berriro itzultzeko erabakia hartu dugu.

Vicente Bravo. Bi egun daramatzagu hemen. Aginagan gaude ostatu hartuta, eta egian esan sagardotegia eta bertako gastronomia asko gustatzen zaigun arren, ez dago ezer berezirik egiteko.

Orioko turismo bulegora jo duzue informazio zabalagoa eskuratzea, ezta?
A.P.
Urte asko pasa dira etorri ginenetik, eta konturatu gara gauza mordoxka dagoela hemen egiteko.

V.B. Orioko eta Aiako informazioa erraztu digute. Orain erdigunetik bueltatxo bat emango dugu, eta arratsaldean hondartzara joango gara. Jatetxe eta taberna zerrenda ere eman digute. Horretaz gain, eskualdea bisitatzeko gomendioak eman dizkigute.

Zer da atentzio gehien eman dizuena orain arte Orion ikusitakoaz?
A.P.
Niri atentzioa deitu dit euskara asko hitz egiten dela hemen, seinale guztiak euskaraz daude, eta gu orain dela 30 urte etorri ginenean, ez dut uste horrela zenik. Giroa ederra dago baita kaleetan, baina Zarautzen izan ginen atzo, eta gure ustez han jende gehiago mugitzen da tabernetan eta dendetan.

V.C. Atzo komentatzen jardun genuen emazteak eta biok, zeinen ongi dauden zainduta kaleak, eraikinak eta herriko monumentuak Orion. Hau Getafen ezinezkoa da. Esaterako, atzo kultur etxe atzean dagoen balearen murala ederra iruditu zitzaigun, eta ongi zaindua zegoen. Hori, gure herrian, dagoeneko desagertuta edo puskatuta egongo litzateke!

Beste desberdintasunik nabari duzue?
A.P.
Izututa geratu gara hemengo etxebizitzen prezioekin! Oso garestiak dira.

V.C. Guk beti nahi izan dugu hemen inguruan etxe bat erosi. Baina ezinezkoa da. Pentsatzen dugu soldatak ere altuagoak izango direla, ez?

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!