Jende dezente espero da gaur Orion, Komertzio txikien festa eta 'Los 40 Summer Live' jaialdia direla eta

Karkara 2018ko abu. 8a, 12:34

Herriko hainbat tabernatan Baleatxo pintxoak banatuko dira egunean zehar eta, pintxoa erosten dutenek zozketa batean parte hartzeko aukera izango dute. 18:00etatik 20:00etara, Jainekin txaranga ibiliko da kalez kale, herrian giroa jartzen. Ondoren, 20:30ean, hondartzan 'Los 40 Summer Live' jaialdia egingo da. Autobus zerbitzu berezia ipini du Lurraldebus-ek ekitaldi horretarako.

Komertzio Txikien Festa antolatu du Arkupe elkarteak gaurko, abuztuak 8. Komertzio txikietan erosketak egitearen aldeko joera bultzatu nahi du herriko merkatari eta ostalari elkarteak festa honen bidez.

'Baleatxo' pintxoa
Herriko hainbat tabernatan Baleatxo pintxoak banatuko dira egunean zehar eta, pintxoa erosten dutenek zozketa batean parte hartzeko aukera izango dute. Erosle guztien artean Arkupek 50 euroko 10 bale zozkatuko ditu, elkarteko edozein establezimendutan gastatzeko.

Honako taberna hauetan erosi ahal izango da Baleatxo pintxoa: Antilla, Gure Txoko, Salatxo, Sukia, Aterpe, Boga-Boga, Galerna, Arkaitz eta Baraka. Pintxoaren osagai nagusia atuna izango da; baina tabernari bakoitzak bere erara prestatuko du. 

Arratsalde partean, 18:00etatik 20:00etara, Jainekin txaranga ibiliko da kalez kale, herrian giroa jartzen.

Eta ondoren, 'Los 40 Summer Live' jaialdia
20:30ean hasiko da hondartzan 40 Principales irrati kateak, Arkuperen eta Orioko Udalaren laguntzarekin, antolatutako Los 40 Summer Live musika ekitaldia.

Parte-hartzaileen artean, ondorengoak: Aitana eta Ana Guerra, Juan Magan, Bombai, Ana Mena, Reyko eta Dani Fernandez. Artista gonbidatua Jon O. Lander izango da eta DJ lanetan David Alvarez arituko da.

Kanpotik jende asko etortzea espero denez, autobus-zerbitzu bereziak izango dira gauean. Informazio zabalagoa www.lurraldebus.eus atarian.