`Los 40 Summer Live´: jendetza hondartzan, euri zaparradak eta auto ilara handiak

Karkara 2018ko abu. 9a, 11:28

Atzo iluntzean Los 40 Summer Live jaialdia egin zen Orioko Antilla hondartzan. Aurreikuspenak betez, ekimenak jende asko bildu zuen Antillako berdegunean, baina arratsaldetik hasita gauerdiraino, nahasmena handia izan zen herriko eta inguruko errepideetan.

Atzoko arratsalde guztian zehar, asko izan ziren hondartzara bidean herria oinez zeharkatu zuten gaztetxo kuadrillak. Ordurako ere hasiak ziren herriko sarbideetan autoak metatzen. Herritar batek azaldutakoaren arabera, ordubetez itxaron behar izan zuen geldirik Txankako biribilgunean, lanetik bueltan zetorrela.

Iluntzeko zortzietarako jendetza juntatu zen Antilla hondartzako berdegunean. Kontzertuek adin ezberdinetako jendea erakarri arren, 15-20 urte bitarteko gazteek osatu zuten publiko nabarmenena. Oholtza aurreko guneaz gain, hondartzako taberna eta txiringitoak ere leporaino bete ziren.

Kontzertuak hasterako, Los 40 Summer Live-ren festa eredua ezbaian jartzen zuten kartelak agertu ziren herrian eta hondartzan. Besteak beste, atzo entzun ziren abesti batzuen kutsu sexista eta Euskaraldia egingo den urte berean herrian gaztelera nagusi den jaialdia antolatzea salatu zituzten.

Zortzi terdietan hasi ziren musika emanaldiak, eta hortik ordubetera-edo euria botatzeari ekin zion; hasieran zirimiria zenak indarra hartu zuen berehala, eta jendea kontzertu eremutik alde egiten hasi zen. Momentu horretan, berriro auto pilaketa handiak sortzen hasi ziren errepideetan: hondartzatik hasita herriko beste puntaraino, Txanka aldean eta herri erdigunean, auto ilara handiak izan ziren. Gauerditik aurrera ere auto ilarek desegin gabe jarraitzen zuten.

Kontzertuetara oinez gerturatu zen herritar batek azaldutakoaren arabera, euri zaparrada handiak hasi zirenean, jende asko abiatu zen batera hondartzatik herri aldera oinez, eta nahasmena handia izan zen.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!