Uda sasoiko doinuak Hereje Fighters taldearen eskutik

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2018ko abu. 28a, 15:36
Hereje Fighters taldeko hiru kide: Fermin Lazkano, Manex Barrenetxea eta Eñaut Arregi

Asteazkenean kontzertua eskainiko du talde oriotarrak Zingira Kanpinean, 19:00etatik aurrera. Eta, ostiralean urteroko kontzertua emango dute hondartzan, Orioko Surf Elkartearen egoitzaren aurrean, 22:30ean hasita.

Oriotar askorentzat galdu ezineko hitzordua bihurtu da Hereje Fighters taldeak uda amaieran Antilla hondartzan ematen duen kontzertua. Reggae, rock eta punk abesti ezagunak jotzen dituzte, eta herriko surf komunitateko kide askorentzat uda sasoiari amaiera emateko eta parrandatxoa egiteko aitzakia polita izan ohi da saioa. "Lagun arteko parrillada eta kontzertu batekin hasi ginen, eta pixkanaka izena hartzen joan da ekimena herritaren artean. Gainera, surf elkarteko kide asko adinean aurrera goaz, eta familiarekin joaten gara orain kontzertura", azaldu du Fermin Lazkano taldekideak.

Ibilbide luzea
Lagun artean jotzeko elkartu ziren lehen aldiz Fermin Lazkano eta Iñaki Etxeberria, proiektuaren hastapenetan. "Garai hartan herrian ez zeuden orain bezain beste musikari, eta Etxeberriaren etxe azpiko garajean biltzen ginen biok punk bestiak jotzeko. Iñakik komentatu zidan bazuela lagun bat bateria jotzen zuena, eta entseatzen hasi ginen».

Lazkanok aipatu duen bateria-jotzailea, gaur egun Orioko traineruko entrenatzaile den Jon Salsamendi zen; hirukoteak elkarrekin kontzertua bat eskaini zuen K2 tabernan, eta "oso gustura" geratu ziren emaitzarekin. "Salsamendik lehen kontzertu horretan soilik parte hartu zuen, baina Etxeberriak eta biok elkarrekin jotzen jarraitu genuen". Ordurako Etxeberria Costa Rican bizi bazen ere, bi musikariek harremana mantendu zuten, eta uda sasoia aprobetxatzen zuten elkarrekin entseatu ahal izateko.

Hainbat urtetan kontzerturik eman gabe izan zen bikotea, baina duela hamarkada pasatxo berriz ere proiektuari heldu zioten taldekide gehiago gehituz. Urte guzti hauetan hainbat musikarik parte hartu du taldean, "bakoitzaren egoera aldatuz joan den heinean joan-etorrian ibili gara. Nik esaterako atsedenaldia hartu nuen aita izan nintzenean, eta orain berriz bueltatu naiz taldera", adierazi du Fermin Lazkanok.

Egun Iñaki Etxeberriak, Fermin Lazkanok, Manex Barrenetxeak, Eñaut Arregik eta Ibon Gaztañazpik osatzen dute taldea, baina taldeko kide izan diren guztiek ateak irekita dituztela nabarmendu dute.

Uda garaian buru-belarri
Uda garaiko taldea da Hereje Fighters. Bertako kide Iñaki Etxeberria urtean zehar Costa Rican bizi da , eta udan bueltatzen da jaioterrira; haren itzulerarekin batera hasten da taldea entseatzen. "Hiru hilabetetan hutsik egin gabe entseatzen dugu. Dena dela, ez da erraza izaten denok elkartzea; aurten esaterako arratsaldean lan egitea egokitu zaio taldeki bati, eta biltzeko arazoekin ibili gara".

Etxeberria Costa Ricara bueltatzen da udazkanean, baina Gabonak arte entseatzen jarraitzen du taldeak. Ondoren atsedenaldia hartzen dute hurrengo uda arte. "Urtero esaten dugu lehenago entseatzen hasiko garela, Iñaki etortzen denerako prest egoteko, baina beti berandu ibiltzen gara", aitortu dute.

Normalean abesti ezagunen bertsioak eskaintzen ditu Orioko musika taldeak, baina aurten beren abesti propioak sortzera ere animatu dira. "Gu ez gara musikari profesionalak, eta uda amaierako kontzerturako prestatzen gara nagusiki". Taldeak orain arte Orion jo izan du beti, baina aurten urrats bat aurrera egin, eta Aiako Zingira Kanpinean eskainiko dute kontzertua (asteazkenean, 19:00etan). "Badugu kanpoan kontzerturen bat eskaintzeko gogoa, baina horretarako negu partean ere entseatu eta fundamentu gehiago izan behar genukeela uste dugu".

Horrez gain, Costa Rican zehar jiratxo bat egiteko ideia ere buruan dabilkite aspalditik taldekideek. "Gure ametsa da. Iñaki Etxeberria musikaria da Costa Rican, eta musika taldea du bertan". Taldekideek azaldu dutenez, Etxeberriaren bitartez hainbat tokitan kontzertua eskaintzeko aukera izango luke Hereje Fighters taldeak Ertamerikako herrialdean.

Manex Barrenetxea taldekideak bertatik bertara ezagutu zuen Costa Ricako giroa. Etxeberria bizi den herrian izan zen, eta bidaia errepikatu nahiko luke taldekideekin. «Bertako taberna batean astero kontzertua eskaintzen dute Iñakik eta bere taldeak. Nik Costa Rican jendaurrean Iñakirekin jotzeko aukera izan nuen, eta esperientzia bikaina izan zen. Han izan nituen bizipenak taldeko kideek ere bizitzea nahiko nuke, denok elkarrekin eszenatoki berriak ezagutzea alegia», gogoratu du Barrenetxeak.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!