Goiuri Unanue: “Orion lan egiteak berezko izaera ematen die nire diseinuei”

Iñigo Gaiton 2018ko ira. 3a, 08:54

Goiuri Unanuek egindako jantziak Getariako Cristobal Balenciaga museoan egon dira ikusgai eta salgai uda honetan, talentu gazteen diseinuekin osatutako erakusketa batean. Diseinatzaile oriotarraren esanetan, jasotako kritika onek moda munduan bere bidea egiten segitzeko indarra eman diote.

Goiurik Dikeko aldaparen azpialdean duen lokalean hartu du KARKARA, udako eguerdi bero batez. Oriotar gazteak han diseinatzen, produzitzen eta saltzen ditu bere markako produktuak. Maniki, oihal, jostorratz, metro eta josteko makinen artean, moda kontuez barru-barrutik mintzo da hogeita lau urteko oriotar gaztea.
Nondik datorkizu ofizio honekiko fijazioa?
Etxetik. Amona Inazita modista lanetan jardun zen urte luzez, eta sukaldean izaten zuen josteko txokoa. Lehengusuok bisita egitera joaten ginenean, lurretik jostorratzak biltzen aritzen ginen. Amonak ordu asko ematen zituen lanean, eta guk, bitartean, soberan zituen tela zatiekin panpinen arropei konpoketak egiten genizkien. Amonak arropei moldaketak egin eta konpontzeaz gain, jantziak egiten ematen zuen denborarik gehiena: etxerako batak, ezkongaien jantziak, komunioetarako soinekoak...
Ordutik gaurdaino, lanbidea asko aldatu al da?
Garai hartan teknika artisauagoa zen. Azken urtetan, digitalizazioak aldaketa handiak ekarri ditu gure lanerako eran, baina iraultzarik nabarmenena industrializazio garaian eman zen.
Oraindik ba al dituzu amonarengandik ikasteko gauzak?
Goi mailako joskintzan, alegia, eskuz josteko tekniketan, pila bat. Nik joskintza eta diseinu unibertsitate ikasketak egin nituen Bartzelonan, eta han, Inditex eta tankerako etxeetan lan egiteko prestatu gintuzten; produkzio azkarrerako, garbi esanda. Amona tarteka etortzen da dendara bisitan, eta nire lanerako primeran datozkidan trikimailuak erakusten dizkit; azken finean, guk sortu dugun markan eskuz egiten ditugulako produktuak.
Zure jenerazioko gazte askori kosta egiten ari zaio unibertsitatetik lan mundurako urratsa ematea. Nola izan zen zure kasuan?
Unibertsitateko azken ikasturtean marka bat sortu eta poltsak egiteari ekin nion, ikaskide batzuekin batera.
Proiektu horri segika iritsi naiz gaurdaino, olatu baten gainean banengo bezala. Ikasketak amaitutakoan Kutxa Kultur programarako hautatu ninduten, eta Donostiako Tabakaleran aritu nintzen lanean. Gero, Orion denda zabaltzeko apustua egin nuen, gure markako arropak diseinatu, produzitu eta saltzeko. Azken hilabeteetan aipaturiko inertzia hori indarra galtzen joan da, eta orain inflexio puntu batean nagoela uste dut. Aurrerantzean zein bide hartu nahi dudan erabaki behar dut; buruan ditudan ideiei forma eman eta guztiak norabide bakarrean jartzen saiatu.
Orioko denda zabaltzeko urratsa eman aurretik, beldurrik sentitu al zenuen?
Bai, noski. Ez da erraza. Oraindik ere zalantza asko sortzen zaizkit, batik bat enpresa arloari dagozkionak. Igerian jakin gabe egin nuen salto igerilekura, eta orain ari naiz ikasten... kar kar kar
Gazte ekintzailearen figurak indarra hartu du azken urtetan. Ez al da pixka bat idealizatu?
Izan daiteke. Jendeak ausarta naizela esaten dit, 24 urterekin nire negozioa dudalako, baina nik ez dut uste horrela denik; besterik gabe, lanerako beste aukera bat da nirea. Hala ere, nagusirik ez izateak polita dirudi kanpotik, baina gogorra ere bada. Bestalde, ordu asko ematen ditut joskintzarekin eta diseinuarekin zerikusirik ez duten lanetan: burokrazia, promozioa, komunikazioa Interneten... Orain josten laguntzen didan langile bat dut Orioko dendan, eta hura harrituta geratzen da ordenagailuan lanean ematen ditudan ordu guztiekin.
Bat baino gehiago harritu izan da Orion zuen lokala ikusita. Nongoa da zure bezeroen gehiengoa?
Orokorrean, Euskal Herrikoa. Orion ere baditut nire bilduma guztiak dituzten bezeroak, eta haiei oso eskertuta nago. Hala ere, hasieratik argi izan dut negozioa ezingo nukeela aurrera atera oriotarrekin bakarrik, eta Internet bidezko promozio eta salmentari garrantzia handia ematen diot.
Moda kontuak aipatuta Paris, Madril edo halako hiri handiak dira erreferente nagusiak. Zer ematen dizu hiriburu horietatik aldendu eta Orion lan egiteak?
Lasaitasuna eta eguna lanerako ondo aprobetxatu ahal izatea. Bestalde, karrera egiten ari nintzenean, nahigabe, inguruko ikaskideek egiten zutenaren influentzia antzematen nuen nire lanetan. Logikoa da. Tabakaleran ere gertatzen zitzaidan hori. Orion lan eginda, bakartuago nago, eta barrutik ateratzen zaidana egiten dut. Kanpoko eragin hori gabe, nire lana izaera propioa hartzen ari dela ikusten dut. Dena den, zorte handia dut, kuadrillako lagun batek ere moda ikasketak egin dituelako. Berarekin asko hitz egiten dut diseinu kontuei buruz. Eta Iker Gozategirekin ere bai, bere argazkigintza modan espezializatzen ari delako.
Ikerrek eta biok ofizioa eta afizioa elkarbanatzen dituzue. Zaila al da bien arteko muga jartzea?
Hasieran gustuz egiten genituen argazki sesioak, baina ni negozioarekin hasi nintzenean, lanari prezioa jarri genion. Oso modu naturalean egiten dugu lan elkarrekin, ederra da. Ikerrek primeran ezagutzen ditu nire lana eta gustuak, eta askatasun handia ematen diot argazkiak egiterako garaian. Bata bestearen lana aberasten saiatzen gara.
Sorkuntza prozesuan, zalantza asko izaten al dituzu diseinuekin?
Bai, gorabehera handiak izaten ditut; egun batean sortutakoa ederra iruditu arren, hurrengoan zakarrontzira bota dezaket.
Orion bizita, itsasoak, ibaiak edo arrantza munduak inspiratzen al zaituzte?
Itsasoak berak estimulu asko eskaintzen dizkit: formak, koloreak, testurak... Unibertsitatean proiektu dezente egin nituen arrantza munduko elementuekin. Benitoren abestiak ere sarritan jartzen ditut lanean ari naizen bitartean, eta bere abestietako letrak ere erabili izan ditut arropa bildumetan. Oteitzaren lanari ere erreparatu izan diot, batik bat fakultatean nengoenean. Uda hasieran, dantzan ikusi zintugun Harribilen Arinmak ikuskizunean. Zuk egin zenituen ikuskizuneko jantziak. Emanaldi horretarako sorginak hartu genituen ardatz, beren ohiko irudiari irauli bat emanez; argitsuago azaldu nahi genituen emakumeok, ederrago, atseginago. Balenciagaren diseinu batetik abiatuz, Nafarroako herritxo batetik hartu nuen jantzi horiek diseinatzeko ideia.
Kontzertu batean ere kantatu zenuen, ahizpa eta lagunekin batera.
Dantzak eta musikak lanetik deskonektatzeko balio didate, baina aldi berean, inspirazio iturri ere badira.
Zein da arropa bilduma bat sortzeko abiapuntua?
Edozein estimulu txikik sor dezake txinparta; kalean ikusitako kolore batek, bizipenek,... Uda honetan atera dudan bilduma, adibidez, txikitako oroitzapen batetik abiatuz sortu nuen. Gurasoekin udan hondartza aldera joatean, duna eta mitxoleta ederrak zeuden lekuan gaztelu bat existitu zela kontatzen zidaten. Nire buruan, gaztelu horretan bizi ziren pertsonaiak irudikatzen nituen. Txikitako irudimen horiek izan dira bilduma diseinatzeko erabilitako abiapuntua.
Objektu soilago batekin ere sor daiteke ideia bat; ur izkinan topatutako enbor batekin, adibidez. Lehenik, egur zatia paperean marraztuko nuke, eta egur horrek hondartzaraino egindako bidea irudikatu, ibilbideko koloreak, paisaiak... Azken finean, bilduma batekin zerbait kontatu behar duzu.
Su txikian egiten dituzu arropak, eskuz, banaka. Horrek zein abantaila du eroslearentzat?
Beste ezeren aurretik, kalitatea. Nik lehen eskutik ezagutzen ditut erabiltzen ditudan materialen baldintzak. Bestalde, bezeroari nire produkturen bat hautsiz gero, erraz konpondu ohi dut neronek.
Eta, txikitik, nola egiten diezu aurre Inditex edo halako enpresa erraldoien eskaintzei?
Ez diet aurre egiten, nik beste produktu bat eskaintzen baitut. Pentsa, ni ere joaten naiz Zara eta halakoetara arropa erostera!
Zuen produktu guztiak Orion eginak al dira?
Bai, denak. Beste aukera bat litzateke ni diseinu lanetan zentratu eta produkzioa kanpora ateratzea, baina oraingoz ez dut hori nahi.
Nola egiten dira errentagarri eskuz egindako arropak, prezioak zeruraino igo behar izan gabe?
Bitartekoak kenduta, zuzeneko salmentaren bidez. Nik egindako produkturik ez da saltzen beste dendetan, marka zabaltzen lagunduko lidakeen arren, oraingoz ez delako errentagarria niretzat.
Moden ondorioz, arropak azkar iraungitzen dira. Zu, aldiz, epe luzerako produktuak egiten saiatzen al zara?
Hori da nire lanaren helburu nagusia, jendeak nik egindako arropak urte luzez erabiltzea. Horretarako, produktuek izaera propioa izan behar dutela uste dut, bereizten dituen zerbait. Nik ezin dut tendentziei jarraika ibili, beste era batera egiten dut lan.
Diseinatzaileen artean, zein dituzu erreferente nagusiak?
Klasikoei dagokionean, Balenciagari diot miresmen handiena. Modernoetan, Yohi Yamamoto eta Comme Des Garcons japoniarrak eta Alexander McQueen. Josep Font diseinatzaileak DelPozo markarentzat egiten dituen lanak ere gustatzen zaizkit.
Azken hilabeteetan Getariako Balenciaga museoan egon dira ikusgai eta salgai zure lanak. Ondo joan al da erakusketa?
Bai, oso ondo. Jaso ditudan kritikak onak izan dira, espero baino hobeak. Erakusketak nire buruarengan konfiantza hartzeko balio izan dit.
Eta Orion halako erakusketarik egiteko asmorik ba al duzu?
Beno, burua etengabe izan ohi dut bueltaka, eta baditut ideiak! Amesten hasita, desfile bat egingo nuke herriko kaleetan, edo plazan, performance puntu batekin eta benetako modeloekin.
Elkarrizketa batean adierazitakoaren arabera, zure diseinuak Madrilgo edo Pariseko pasarela batean ikustea duzu amets.
Beno, agian orain ez. Irakurri ditudan azken kritiken arabera, desfilearen formatua zaharkituta geratzen ari dela uste dut. Digitalizazioak ekarri duen iraultzarekin, desfileak egiterako diseinuak sarean zabalduta egoten dira.
Modaz gutxi dakigunontzat, pasareletako diseinu batzuk oso deigarriak izan ohi dira, ezta?
Gauza berezi horiek, normalean, ez dira kalean janzteko egiten, gehiago daude arte espresiora zuzenduta, esperimentaziora. Nik unibertsitateko azken proiektuan egin nuen halako lan bat, diseinu bat mugara eramanez.
Non ikusten duzu zure burua bost urte barru?
Pixkanaka hazten joatea gustatuko litzaidake: denda berriren bat zabaldu, langile gehiago izan, ... Hala ere, nire helburu nagusia gure marka zabaltzen joatea den arren, Parisko etxe handiren batetik deituz gero hara joango nintzatekeela uste dut.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!