Iñigo Exposito: "Igandean igo nintzen lehen aldiz podiumera"

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2018ko ira. 18a, 13:28
Iñigo Exposito Usurbilgo lasterketan parte hartzen.

Iñigo Exposito oriotarra bigarren postuan sailkatu zen igandean Usurbilgo Baxurde Krosean, eta lasterketan zehar izandako sentipenez hitz egin du Karkara.eus-ekin.

IÑIGO EXPOSITO

Usurbilgo Baxurde Krosean bigarren postuan sailkatu zara. Podiumera igotzea lortu duzun lehenengo aldia izan al da?
Bi-hiru urte daramatzat lasterketa desberdinetan parte hartzen. Iaz laugarren postuan sailkatu nintzen Azpeitiko lasterketa motz batean, eta udaberrian lehenengo hamarren artean sailkatzen hasi nintzen. Hala ere, igandean igo nintzen lehen aldiz podiumera.

Zer moduzko sentipenak izan zenituen lasterketan zehar?
Abuztuaren erdialdetik Behobia-Donostia lasterketa prestatzen ari naiz, eta azken astetan sentipen onak izaten ari naiz entrenamenduetan. Igandean, lasterketaren aurretik, ez nekien zein izango nituen aurkari Baxurde Krosean, eta egia esan ez nuen podiumera igotzea helburutzat jarri, iazko denbora hobetzea baitzen nire asmoa.

Lasterketan segituan antzeman nuen oso ondo nindoala. Iñaki Gerica usurbildarra lasterketaren buruan jarri zen hasieratik, eta haren atzetik taldetxo bat osatu genuen. Laugarren kilometroan erritmoa bizkortu nuen, eta aldapa igotzen hasi ginenean besteak atzean geratzen hasi zirela ikusi nuen. Horrek asko motibatu ninduen. Bigarren postuan kokatu nintzen, eta horrela jarraitu nuen bukaera arte. Dena dela, ez nekien gainontzekoei zenbateko errenta ateratzen nien, eta podiumera igotzeko aukera gertu ikusten nuenez, amaieran asko estutu nuen.

Usurbilgoa herri giroko lasterketa da. Giro berezia sortzen al da horrelako probetan?
Nik uste dut lasterketa bakoitzak bere berezitasunak dituela, batzuk zirkuitu aldetik gehiago gustatzen zaizkit, eta beste batzuetan sortzen den giroak erakartzen nau. Igandean eguraldi ona zegoen, eta horrek jendea lasterketetara erakartzen du normalean. Korrikalariontzat ere polita izaten da errepide bazterrean jendea animatzen ari zaigula sentitzea, aurrera jarraitzeko bultzada ematen baitigu.

Behobia-Donostia lasterketarako prestatzen ari zarela aipatu duzu. Horren aurretik beste lasterketaren bat gorriz markatuta al duzu egutegian?
Urria bukaeran Lasarte-Oria Krosean parte hartuko dut, eta hori baino lehen beste lasterketaren batean ere izango naiz, baina oraindik ez dut aukeratu zeinetan.

Lasterketa mota askotan parte hartu izan duzu. Zein motatako probatan sentitzen zara erosoen?
Normalean 10 kilometro inguruko eta 21 kilometroko probatan parte hartzen dut. Biak ditut gustuko, baina elkarrengandik desberdinak direla uste dut. Dena dela, nire iritziz bi kasuetan garrantzitsuena lasterketan zehar nork bere buruarekin duen borroka izaten da. Izan ere, askotan pentsatzen dugu fisikoki prestatuta egotea dela giltza, baina konturatu naiz buruak ezetz esaten duen egunetan, fisikoki ondo egoteak ez duela balio. Lasterketa guztietan beti egoten da une gogorren bat, eta buruz indartsu egonda hori gainditzea lortzen bada, normalean lasterketa polita osatzea lortzen da.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!