Urriaren 6an Euskadiko arraun surf zirkuituko finala jokatuko da Orion

Karkara 2018ko ira. 20a, 12:05
Urriaren 6an Orion egingo den Federarte Euskalsurf Kultura ekimenaren aurkezpena.

Kirola eta kultura uztartuko ditu jardunaldiak, eta Gipuzkoako Surf Federazioak herriko eragileekin elkarlanean hainbat jarduera antolatu ditu egun horretarako.

Urriaren 6an, larunbatean, Euskadiko arraun surf (SUP) zirkuituko finala jokatuko da Orion, eta asteazkenean aurkeztu zuten Arraunetxean kirola eta kultura uztartuko dituen ekimena. Gipuzkoako Surf Federazioko presidente Mailen Saezek azaldu zuenez, iaz Orion jokatu zen SUP jardunaldiak izan zuen arrakasta ikusita, aurten errepikatzea erabaki dute. Horrez gain, nabarmendu zuen Udalarekin sinatutako hitzarmenari esker, Gipuzkoako Surf Selekzioak Arraunetxean egiten dituela teknifikazio saioak; "iruditu zaigu azpiegitura ezinhobeak dituela Oriok maila horretako txapelketaren eszenatoki izateko. Ildo horretan, Orioko Udalari eskerrak eman nahi dizkiogu uneoro Gipuzkoako Surf Federazioarekin erakusten duen prestutasunagatik, eta ematen dion laguntzagatik".

Txapelketaren ezaugarriak
Oier Illarramendi txapelketaren zuzendariak gogoratu zuen, aurreko urtean Euskal Herriko, Cantabriako eta Asturiasko surflari oso onek parte hartu zutela Orioko proban, eta aitortu zuen "2017ko SUP zirkuituko probarik politenetakoa" izan zela Oriokoa.  

Kirol arloari dagokionean, Euskadiko SUP zirkuituko finalean kategoria guztiek parte hartuko dute: 14 oineko taularekin gizonezkoek eta emakumezkoek, baita gazte mailako surflariek, kadeteek, infantilek eta alebinek. Gainera, lasterketa herrikoia ere egingo dute, eta arraun surfean ibiltzen diren oriotarrak eta inguruko herritarrak bertan parte hartzera gonbidatu dituzte.

Datorren astean irekiko dute izena ematea Wavescores plataforman, eta bertan zehaztuko dituzte kategoria bakoitzaren ezaugarriak. Gainera, webgune horretan argitaratuko dituzte txapelketako emaitzak ere: "parte-hartzaileak helmugara iristen diren heinean emaitzak eguneratzen joango dira automatikoki", azaldu zuen Illarramendik.

Herriko eragileekin elkarlanean
2017an Gipuzkoako Surf Federazioak txapelketa eredu berria abiatu zuen nazioarte mailako 2017 Pro Zarautz txapelketan, eta kirola eta kultura uztartzen dituen ereduak izan zuen harrera ona ikusita, Federarte Euskalsurf Kultura ekimena martxan jarri zuten iaz lehen aldiz Orion, Gipuzkoako Surf Federazioak eta Euskadiko Surf Federazioak elkarlanean. Iazko bidea jarraituz, aurten ere SUP txapelketa ofiziala eta herrikoia jokatuko dituzte Orion, kirol inklusibo saioa antolatu dute Orioko Berdin-Berdinak elkartearekin, Kalefit saio solidarioa egingo dute eta Herrio Natur Taldearekin ibai ertza garbituko dute, Begi-Bistan enpresak utzitako SUP taulekin. Horrez gain, Zergatik ez erronkan parte hartu zuten hainbat emakumek beren esperientzia kontatuko dute jendaurrean, sari banaketaren ondoren.

Izan ere, Saezek aurkezpenean aipatu zuen, GSF-arentzat garrantzitsua dela txapelketa herrian uztartzea, eta horretarako Orioko eragileekin elkarlanari garrantzi berezia eman diotela.

Federarte Market
Iaz Federarte Market azokaren babeslea izan zen Orioko Arkupe elkartea, eta aurten ere ekimenean parte hartuko dute herriko merkatariek eta ostalariek. Elkarteko ordezkari Karmele Garmendiak aurkezpenean azaldu zuen, Arkupeko kideen iritziz "mota horretako jardunaldiak herria dinamizatzeko aukera aproposa direla. Guk oriotarrak herrian kontsumitzea sustatu nahi dugu. Ekimen asko egiten ditugu ildo horretan, eta plazerra da mota honetako ekimen batean parte hartzea". Arkupe elkarteko lau dendarik parte hartuko dute Federarte Marketeko postuan: Ttipi-Ttapa zapata dendak, Soiak, Expo elektrizitateak eta Roses arropa dendak.

Musika jaialdia
Egunean zehar egingo diren ekimenez gain, iluntze gau parterako musika jaialdi garrantzitsua antolatu du Gipuzkoako Surf Federazioak Orion. Alde batetik, nazioarte mailako Txefa DJa izango da kartelaren burua, eta Katapultatour-en eskutik Madeleine eta Voltaia musika taldeek kontzertua eskainiko dute. Gauean DJ saioak izango dira herriko hainbat tabernetan.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!