"Lan arduratsua egiten ari gara oposiziotik"

Karkara 2018ko urr. 1a, 11:00

Lehengo legealdian agintean egon ostean, oraingoan oposizioan ari dira lanean Emeterio Iribar eta bere taldea. EH Bilduko zinegotziaren hitzetan, ekarpen eta akordio ugari lortu dituzte Orain eta PSE-EE alderdiekin, Udalaren eta herritarren mesederako.

Emeterio Iribarrek urte asko daramatza herri politikan sartuta. Urte hauetan guztietan asko ikasi duela dio, eta ikasketa hori du lanean jarraitzeko motibazio nagusia: herriaren onurarako lan egiteaz gain, pertsona gisa hazten joatea. Elkarrizketan kritiko azaldu da Jose Anjel Zaldua alkateak eta EAJk legealdi honetan egindakoarekin.

Zer nabarmenduko zenuke azken legealdiaz?

EAJren Udal Gobernu honen noraeza eta anbizio falta azpimarratuko nituzke lehenik. Garrantzizko gaietan jarrera itxia erakutsi dute: aurrekontuak, Plan Orokorra, gizarte politikak... EAJk ez du akordioetara iristeko borondaterik azaldu. Jarrera honen aurrean, oposizioko alderdiok (EH Bildu, Orain, PSE-EE) lanean jarraitu dugu, eta alderdikeriak alboan lagata, adostasunetara iritsi gara. Aurrekontuak eta Plan Orokorra dira horren adibide.

Oposizioan urte asko eman ostean, lehengo agintaldian alkatetza izan zenuten. Autokritika eginez, zertan egin zenuten huts? Eta asmatu?

Aurreko agintaldian, Orain taldearekin batera egin genuen lana zintzoa eta zorrotza izan zela esango nuke.
Arraunetxeko lanak txukun amaitu genituen, Kanpinean bungalowetan inbertsio handia egitea adostu genuen, eta ondorengo emaitzek asmatu genuela erakutsi dute, hainbat gaietan parte hartzea sustatzeko aholku mahaiak eratu ziren... Udal Gobernuan berriak izanik, gauza on dezente egin genituela uste dut. Euskal epaitegiak argitaratutako txostenen arabera, EH Bilduk Orioko Udalean egindako kudeaketa oso ona izan zen.
Noski, huts ere egingo genuen gauza batzuetan, baina zaila egiten zait zerbait aipagarria nabarmentzea.

Dirudiena baino zailagoa egin al zitzaizuen gobernatzea?

Gure agintaldiaren aurretik, EAJ alderdiak hogei urtez izan zuen Orioko Udaleko alkatetza. Gu gauzak egiteko beste eredu bat aplikatzen saiatu ginen, EAJren ordura arteko lan ildotik bereiziz. Herritarrengandik gertuago egoten saiatu ginen. Krisi ekonomikoak asko baldintzatu zuen gure agintaldia. Udalak diru sarrera gutxiago izan arren, zergak ahalik eta gutxien igo genituen, eta herriko eragileek ez zuten diru-laguntzetan murrizketarik jasan. Urte zailak izan arren, asko ikasi genuen.

Nola definituko zenuke legealdi honetan egiten ari zareten oposizioa?

Hitz batean esanda, arduratsua bezala definituko nuke. Proposamenak egitea izan da gure jardun nagusia; horretaz gain, herritarrengandik jasotako iradokizun eta kexak Udalera eramaten eta bideratzen ere saiatu gara behin baino gehiagotan, baina ez da urrats bat ere eman. Kofradiak eta frontoi eremuak ere berehalako irtenbidea eskatzen dute, eta parke estali baten beharra ere nahiko nuke azpimarratu. Arlo sozioekonomikoari dagokionean, Merkataritza, Arrantza, Industria eta Nekazaritza batzorde bat dugu Udalean, baina legealdi honetan geldirik egon da.

PSE-EEren botoarekin egin zen alkate Jose Anjel Zaldua. Agintaldian zehar, askotan egin duzue bat Ana Priede zinegotzi sozialistarekin.

Hauteskundeak eta gero, Anak konfiantza botoa eman zion boto gehien jaso zituen alderdiari. Legealdia hasi eta gutxira, ordea, konfiantza galdu zuen jeltzaleengan, eta oposiziora pasa zen. Gerora, berarekin adostasunetara iristeko gai izan gara arlo askotan. Siglen gainetik proiektuak lehenetsiz, bi alderdiak ezkerrekoak izateak akordioak lortzea erraztu du.

Nahikoa lan ez egitea leporatu izan diozue sarri Udal Gobernuari, oposiziotik. Zehaztu daiteke lan falta hori zer den?

Hauteskundeetara aurkeztu zirenean, gaitasun handiko taldea zutela nabarmendu zuten jeltzaleek. Hainbat proiektu egiteko iniziatiba erakutsi zuten; Aizperroko industrialdea eta adineko pertsonentzako egoitza, besteak beste. Beren ekintzek, ordea, ez dute halakorik erakutsi, eta horren ondorioz gauza asko atzeratu dira: lur azpiko zaborrontzien egokitzapena, Plan Orokorra osatzea, Udaleko lanpostuen oposizioak, herriko plazako lanak... EAJren lidergo faltaren ondorioz, beren barne arazoak agerian geratu dira: koordinazio eza, komunikazio falta, elkarri ardura falta leporatzea...

Aurrekontuetan adostutako inbertsioak behar beste ez gauzatzea ere leporatu diozue Udal Gobernuari.

Bai, hori diote datuek. 2016 eta 2017 urteetan inbertsioek %57-58ko exekuzioa izan zuten. Adostasunetara iritsi, horiek garatzeko dirua izan, eta lanak ez aurrera eramatea lotsagarria dela iruditzen zaigu.

Orioko EH Bilduren kasuan, goitik etorritako aginduek zein puntutaraino baldintzatzen dute zuen erabaki ahalmena?

Gure kasuan, goitik babesa jasotzen dugu, eta aholkatu egiten gaituzte. Lanerako garaian, ez gaituzte baldintzatzen, eta bitartekoak eskaintzen dizkigute behar denean, formazio saioak kasu. Halakoen bidez, beste herrietan egiten denaren lehen eskuko informazioa jasotzen dugu.

HIRIGINTZA

Obra handia egingo da herriko plazan. Beharrezkoa al da herriarentzat?

Bai, gure ustez plazak obra honen premia du. Herriaren gune horretan ur zikinak eta euri urak bereizteko daude, eta oinarrizko instalakuntza horiek berrituko dira lan hauen bidez. Noski, plazaren zati bat peatonalizatu egingo da, eta autoen irteerari ere konponbidea jarriko zaio, bi noranzkoak moilatik bideratuz. Herritarren bizi kalitatea hobetzen lagunduko du obra honek.

EAJren lan faltaren ondorioz, lan hauek atzeratu izana salatu duzue sarritan.

Bai, koordinazio falta handia egon da prozesuan zehar Udal Gobernuaren eta portu zuzendaritzaren artean. Bietan agintea EAJren esku dagoela jakinik, ulergaitza egiten zaigu lanak hainbeste atzeratu izana.

Noiz hasiko dira plazako lanak?

Alkateak duela hilabete batzuk azaldu zuenaren arabera, obrak irailean hastekotan ziren; guri informazioa tantaka iristen zaigu, baina dakigunaren arabera, obrak zein enpresak egin behar dituen erabakitzeko lehiaketa ez da egin oraindik. Beraz, hilabete batzuk pasa bitartean ez dira hasiko lanak.

Eta lanek iraun bitartean, plaza zenbat hilabetez itxiko zaie autoei?

Udal teknikariak emandako informazioaren arabera, lau hilabete inguru emango ditu plazak autoentzat itxita. Hala ere, halako lanetan beti suertatzen dira ezustekoak, eta litekeena da epeak luzatzea.

Dikerako, Kofradiarako eta Kosta tailer ingururako plana aurkeztu zenuten 2017ko azaroan, Garate familiarekin eta Kofradiako ordezkariekin batera. Nola dago gaia gaur egun?

EAJk urteak daramatza Kofradiako arazoa haiek konponduko dutela aginduz; hitza betetzeko ezintasuna ikusi zutenean, bizkarra eman zioten arazoari.
Honen aurrean, eskertzekoa iruditzen zaigu Dikeko jabeek eta Kofradiak jarritako borondatea. Irtenbide errealak bilatzeko ahalegin horretan, oposizioko alderdien babesa izan dute hasieratik. Dikeko jabegoaren, Kofradiaren eta Udalaren arteko hitzarmena lortzea da arazoari irtenbidea bilatzeko giltza. Berandu bada ere, EAJ ere sartu da tartean, eta gauzak ondo badoaz, Urriko plenoan onartu beharko genuke aipaturiko akordioa.

PSE-EEk herrian alokairu sozialerako etxebizitzak egiteko proposamena aurkeztu zuen Udalbatzarrean, eta onartu egin zen. Nola dago gaia gaur egun?

Gure alderdiak lehen momentutik babestu du Anaren proposamena, eta proiektua ahalik eta azkarren gauzatzea gustatuko litzaiguke. Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza sailak proiektuaren zirriborro bat aurkeztu behar digu, eta hori jaso zain gaude. Hori aztertutakoan, egin edo ez bozkatzea izango da hurrengo urratsa.

Nork du proiektua gauzatzeko giltza?

Etxebizitza horiek egin nahi diren lurrak Udalarenak direnez, Udal plenoak.

Eta zertan dira Anibarko Portuko Udalaren lokaletan egin nahi diren alokairu sozialerako etxebizitzak?

Kasu honetan, eskuartean dugu proiektuaren zirriborroa. Batzordetik pasa ondoren, udalbatzarretik pasa behar da.

Orion zenbat etxebizitza eraikiko dira datozen hamar urteetan?

Dike, frontoiko eremua eta Gureak-eko eraikin zaharra dira etxebizitzak egiteko begiz jota dauden guneak. Gehienez 370 etxebizitza berri aurreikusten ditut.

Zein fasetan dago Herri Antolamendurako Plan Orokorraren osaketa?

Dikeko planaren akordioa itxi ostean, Plan Orokorraren osaketak abiadura handiagoa hartzea espero dugu. Honi lotuta, mahai gainean baditugu beste hainbat gai; frontoi berriaren kokalekua eta Erribera kalearen eta Bikamiotako biribilgunearen arteko lotura, kasu.

TURISMOA - KOMERTZIOA

Azken uda honetan ere, behin behineko zuzendaria izan du Orioko Kanpinak. Uda aurretik oposizio azterketak egin zirenean, hautagai batek ere ez zuen gainditu proba. Zer gertatu zen?

Gu ez gara gai horretan adituak, eta ezin dut hori erantzun. Onartu behar dugu, ordea, prozesuan akats bat baino gehiago egin direla, eta ulergaitza egiten zaigu gaiak duen atzerapena. Udal Gobernu honen gaitasun maila erakusten duen beste adibide bat dugu hau.

Eta zer egingo duzue orain?

Ezin dugu ezer askorik egin, Udalean erantzukizunak eskatzea baino.

Kanpinak zifra onak eman ditu denboraldi honetan ere.

Jaso ditugun datuen arabera, aurtengo emaitzak lehengo urtekoen parekoak edo hobeak izango dira. Bere fruituak ematen ari da lehengo legealdian Orainek eta EH Bilduk egindako apustua.

EH Bildurentzat, zein garrantzia du turismoak?

Orio, hein batean, turismotik bizi den herria da, eta gure alderdiarentzat garrantzia handia du alor honetan estrategia on bat garatzeak; gaur egun ez dago halakorik Udalean.

Inguruko herriek udan duten bisita kopurua ikusita, Oriok jasotzen al du nahikoa turista?

Ez zait iruditzen konparaketak egitek laguntzen duenik, herri bakoitzak ezaugarri desberdinak dituelako. Orion uda garaian mantentzen dugun lasaitasuna luxua da, eta kanpotik etortzen direnek asko baloratzen dute hori. Oreka bilatu behar genuke, turista kopurua uda garaian pilatzea ekidinez, eta urte osoko eskaintza erakargarria landuz.

Arkuperen iniziatibari segida emanez, asteburuetan autoei plaza ez ixtea erabaki zuen Udalak. Erabakiak hautsa harrotu zuen herrian, eta azkenean, ez zen indarrean jarri.

EAJk modu desegokian egindako prozesua izan zen hori. Aurreko legealdian, Topagune Berdearen proposamen batekin hartu zen asteburuetan plaza peatonalizatzeko erabakia, herritarren eta eragile ezberdinen hausnarketa askoren ostean. Aurten hartutako erabakia, aldiz, eragile batek bakarrik bultzatu zuen, eta guk hori herritarrekin eztabaidatzea eskatu genuen lehen momentutik. Ez ziguten jaramonik egin. Erabakiak haserrea eragin zuen herrian, eta herritar talde batek egindako lanari esker, hausnarketa prozesu bat ireki zen, inkesta baten bidez. Emaitzek argi laga zuten herritarren gehiengoaren nahia, eta azkenean, atzera bota zen erabakia.

Autokarabanen aparkalekuaren gaiak eztabaida handia piztu zuen iaz, Abaromendiko bizilagunekin egindako bileran. Nola dago gaia?

Sortutako iskanbilaren ostean, autokarabanentzat Kirol portu ondoko gunea egokitzea proposatu genuen. Ordutik hilabeteak pasa dira, aurrekontuetan ere bada partida bat horretarako gure iniziatibari esker, eta laster dugu batzorde bat gaiari buruzko erabakiren bat hartzeko. EAJk gaia serio hartzea espero dugu, halako batean.

HEZKUNTZA

Orion nabari igo da etorkin kopurua azken urteetan. Udaletik zer egin daiteke herriko bi ikastetxeetako etorkin kopurua berdintzeko?

Hori ez da Udalaren eskumena, baina gaia gertuagotik jarraitu beharko genuke, lehen eskuko informazioa sarriago jasoz. Gai horrek lekua behar luke Hezkuntza eta Ongizate batzordean, baina urtean hiru bilera bakarrik egiten dira, eta horrela oso zaila da gai hauei behar duten arreta eta denbora eskaintzea.

Udalak proiekturik ba al du etorkinei herrian integratzen laguntzeko?

Zoritxarrez, ez. Udala hankamotz dago Gizarte zerbitzuen alorrean; hori du egun ahulgunerik nabarmenena. Harrerarako langile bat behar da, eta bi urte daramatzagu jubilatuta beharko lukeen teknikari baten plaza bete nahian.
Nekagarria da, benetan, EAJ prozesu honetan erakusten ari den moteltasuna. Egoera hau izanik, zaila da herrian suertatzen diren beharrei aurre egitea.

KULTURA

LOS 40 jaialdiak polemika handia piztu zuen herrian. Ekimenak alderdi guztien babesa izan zuen. Zerk bultza zintuzten aldeko botoa ematera?

Jaialdia egin eta egun gutxira, autokritika testu bat argitaratu genuen. Udalean berriro halako ekimen bat antolatzeko aukera izango bagenu, erabakia herriko eragileen iritzia kontuan hartuz hartzea eskatuko genuke.

Aurreko legealdiarekin alderatuz, dezente mehetu da Udaleko kultur agenda; zergatik ez dira antolatzen, adibidez, harrera ona zuten ostiral iluntzeetako kontzertuak?

Beste ezeren aurretik, esparru horretan Imanol Urkizuk egiten duen lana goraipatu nahi nuke. Kontzertu haiek luxua ziren herritarrentzat, eta pena da legealdi honetan gutxiago antolatu izana; saio horiek jendea fidelizatu zuten, eta entzule ugari gerturatzen zen kultur etxera.

Agendaren mehetze hori ezin al da ekidin Udaleko kultur teknikariaren lanarekin? Bere zereginak ondo definituta al daude?

Teknikari baten prestutasunak lagun dezake horretan, baina, batik bat, zinegotzien lanak baldintzatzen du kultur agenda.

Mutiozabal ontziola. Noiz jarriko da martxan?

Berehala hasiko dira lanak: ontziolaren barnealdea egokituko da, eta kanpoan pasabidea egingo zaio. Martxan jarri aurretik, ordea, Mutiozabalek izango duen funtzionamendua eta antolakuntza zehaztu behar dira. Oraingoz, Beñat Ibaietak izango du prozesu hori bideratzeko ardura. Udalarekin eta herritarrekin elkarlanean arituko da.

Ontziola irekitzen denean, Beñat bera izango al da arduraduna? Edo lanpostuak zehazteko deialdi publikoren bat egitea aurreikusten duzue?

Beñatek ontziola martxan jarri aurreko prozesua bideratuko du. Oraindik ontziolaren funtzionamendua zehaztu ez denez, zaila da han zenbat lanpostu beharko diren jakitea.
Noski, langileak kontratatu behar badira, deialdi publikoak egingo dira.

EUSKARA

Zein inplikazio izango duzue agintariok Euskaraldia ekimenean?

Egitasmoa erronka serioa da, eta hizkuntza inertziak aldatzeko balio behar du. Herri mugimenduan egongo da arrakastaren giltza. Orion talde polita sortu da ekimenaren bueltan, eta gogoz ari dira dinamizazio lanetan. Politikariok protagonismoa herritarrei emanez inplikatzen saiatu behar dugu.

Azken ikerketen arabera, Orioko kaleetan jaitsi egin da euskararen erabilera. Zein neurri har daitezke?

Gai honek ondoeza eragiten dit: ohitu egin gara euskaldunon artean ere gazteleraz lasai egitera, kalean iragarkiak gaztelera hutsean idatzita ikusten ere bai... Garai batean kezka eta mugimendu handiagoa antzematen zen esparru honetan, besteak beste, Euskal Herrian Euskaraz-ek egindako lanari esker. Ordezkari politikook ere kontzientzia handiagoa izan beharko genuke. Udaletxe sarreran euskararen dekalogoa dago horman jarrita, eta hango bulegoetan sarri entzuten dira teknikari eta zinegotzi euskaldunak gazteleraz hizketan.

GALDERA PERTSONALAK

Urte asko daramatzazu herri politikan sartuta. Nola eusten zaio motibazioari?

Ikasteko gogoa da nire bulkada nagusia. Politika lan nekeza gerta daiteke sarri, baina pertsonen eta gai ezberdinen inguruan asko ikasteko aukera ematen du. Erabaki serioak hartu behar direnean, adituekin biltzeko aukera izaten dugu, eta hori oso aberasgarria dela iruditzen zait.

Alderdian ba al duzue erreleboa hartzeko prest dagoen gazte jenderik?

EH Bilduk oriotarrei eskaintzen diena interesgarria iruditzen zait, arlo ezberdinetan: kultura, gizarte politikak, hirigintza... Programa horiek gazteentzat erakargarriak direla sinistuta nago, eta konfiantza osoa dut hurrengo jenerazioetan.

Gazte jendea sartuz gero, emango al zenuke urrats bat atzera?

Bat ez, lau emango nituzke! kar kar kar Hala ere, edozertan laguntzeko prest egongo nintzateke.

Datozen hauteskundeetan alkatetzarako hautagai aurkeztuko al zara?

Ez, bada erreleboa emateko garaia. EH Bilduk etorkizunerako proiektu erakargarria du, eta hori jende freskoak gauzatuko balu, askoz ere hobe. Dagoeneko hasi gara datorren legealdirako gauzak prestatzen, eta talde orekatua sortzea gustatuko litzaidake, jende gaztearen eta esperientzia dutenen artean.

Oro har, altua da Orioko Udaleko zinegotzien bataz besteko adina. Zerk urrutiratzen ditu gazteak?

Ni 22 urterekin hasi nintzen lanean Lasarteko Michelin enpresan, eta han jubilatuko naiz. Gazteek ez dute egonkortasunik lan kontuetan, eta horrek zaildu egiten die bestelako ardurak hartzea.

Esker oneko lana al da zinegotzi izatea?

Jendearen hitz onak edo eskerrak jasotzearen zain egon gabe, norberaren barrura begira egin beharreko lana dela uste dut, kanpoko ezer espero gabe.
Pertsonak gara, eta denok izaten ditugu momentu on eta txarrak; hala ere, Udalean jende berekoiarekin lan egitea ere suertatzen da tarteka, eta ez da samurra izaten.
Dena den, politikariak asko kritikatzen dira orokorrean, sarri modu txarrean, zinegotzi gehienok lanean borondate onenarekin aritu arren. Denak berdinak zarete esaten digu jende askok, eta ez zait justua iruditzen.

Zerbait gehitu nahi al duzu?

Gizarte zerbitzuez eta pertsonen ongizateaz kontu bat gehitu nahiko nuke. Bi urte daramatzagu herriko pobreziari buruzko azterketa egitea proposatuz, gero beharrezko gizarte lanak egin ahal izateko. EH Bilduren ekimenez, 2017ko aurrekontuetan 12.000 euro jarri ziren azterketa hau egiteko, eta 2018a bukatzear den honetan jarriko du martxan gaia Udal Gobernuak. Bazen garaia.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!