Orioko Udala, Arrantzaleen Kofradia eta Dikeko lur jabeak adostasunera iritsi dira

Karkara 2018ko urr. 1a, 14:56
Orioko kofradia zaharra

Hitzarmenaren arabera kofradia zaharra bota egingo dute, eta bertan ekipamendu publikora bideratuko duten 2.000 metro koadroko eraikina egingo dute.

Azken urtetan Orioko Arrantzaleen Kofradiaren eraikinaren egoera txarrak zeresana eman du herrian, baina badirudi gaiari irtenbidea emateko adostasun batera iritsi direla Orioko Udala, Orioko Arrantzaleen Kofradia eta Dikeko lur jabeak. 

EH Bilduk, Orainek eta PSE-EEk eskatuta, hiru aldeak ados jarriko zituen hitzarmena idazteko lanean hasi zen Udal Gobernua. Horretarako, Udalbatza osatzen duten alderdietako eta Arrantzaleen Kofradiako ordezkariek eta Dikeko lur jabeek hainbat bilera egin dituzte azken hilabetetan; besteak beste, horietan parte hartu du Orioko alkate Joxe Angel Zalduak, EAJren izenean. Egindako ahaleginak emaitza eman du, izan ere adostasunera iritsi dira hiru aldeak, eta hurrengo urtetan Orion landuko den hirigintza proiektuaren oinarriak zehaztu dituzte.  

Hitzarmenaren oinarri nagusiak.
Orioko Udalak eta Orioko Arrantzaleen Kofradiak 2005ean sinatu zuten hitzarmena aintzat hartu dute akordio berrian. Horregatik, Kofradiaren orubean exekutatu ezin diren etxebizitzen eskubide urbanistikoak Dikeko planera pasako dira.

Bestetik, kofradia zaharra bota, eta bertan 2.000 metro koadroko eraikin berria egitea da asmoa. 1.500 metro koadro ekipamendu publikora bideratuko dituzte, eta gainontzeko 500 metro koadroak Orioko Arrantzaleen Kofradiarentzat izango dira, bertan egoitza soziala ezarri dezan. Eraikinaren kostua Dikeko lur jabeek eta Kofradiak bere gain hartuko dute, baina Udalari utziko diote eraikina dohainik ekipamendu publikorako erabili dezan.

Horrez gain, Dike eremuan bizitokietara bideratutako 24.000 metro koadro eraikitzea aurreikusi dute hitzarmenean. Horietatik, 3.898 metro koadro babes ofizialekoak izango dira, eta 1.513,5 metro koadroetan etxebizitza tasatuak egingo dituzte. Gainera, 3.000 metro gordeko dituzte hirugarren sektoreko lokalak kokatzeko, eta berdeguneak eta oinezkoen alderdiak ere izango ditu eremuak. Bestalde, hitzarmenean zehazten da 900 metro koadroko lursaila emango zaiola Udalari, nahi izanez gero etorkizunean bertan eraikin publiko bat egin dezan.

Irailaren 17an egindako bileran, gaiak duen garrantzia kontutan hartuta, erabaki zuten urriko lehen astean abiatuko dutela hitzarmenaren tramitazioa. Ildo horretan, Dikeko lur jabeen eta Orioko Kofradiaren bozeramaileek aurreratu dute, aurreikuspenak betetzen badira, hitzarmena sinatu eta urtea amaitu aurretik kofradia zaharra bota ahal izango litzatekeela; modu horretan portuan egin beharreko lanak erraztuko lirateke.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!