Anjel Lertxundiren 'Otto Pette' liburuaren 25. urteurrenean, gogoeta saioa

Karkara 2018ko urr. 16a, 09:06
Argazkia: Aritz Mutiozabal / ZARAUZKO HITZA

Anjel Lertxundiren liburuak euskal literaturari ekarri zionaz, bai -eta nagusiki- gaurko eta biharko irakurleari dakarkionaz eta ekarriko dionaz hausnartzeko saioa antolatu dute Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkean, urriaren 25erako. Gonbidatu ezagunak izango dira bertan, eta zuzenean emango dute Berriaren webgunean.

1994ean argitaratu zuten Anjel Lertxundiren Otto Pette liburua. Editoreek biharko klasiko bat izango zela iragarri zuten, eta baita asmatu ere. Liburuaren 25. urteurrenaren harira, euskal literaturari ekarri zionaz, bai -eta nagusiki- gaurko eta biharko irakurleari dakarkionaz eta ekarriko dionaz hausnartzeko saioa antolatu dute, urriaren 25erako. Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkean izango da, 19:30ean.

Martin Ugalde Foroaren eta Alberdania argitaletxearen eskutik, aurpegi ezagun ugari izango dira solasaldi irekian; Anjel Lertxundi idazlea, Miren Azkarate EHUko irakaslea eta Euskaltzaindiako kidea, Itxaro Borda idazlea eta Beñat Sarasola idazlea eta literatura kritikaria. Joxerra Garziak gidatuko du mahai-ingurua.

Antolatzaileek adierazi dutenez, euskara batua 50 urte betetzen ari den den honetan, interesgarria da klasikoa bihurtu den Otto Pette lanak egindako ekarpenari buruzko gogoeta egitea. Horixe baita, azkenean, liburu bat klasiko bihurtzen duena: iraunkortasun emankorra; agortzen ez den literatur gozamen beti berri baten iturri izatea.

Solasaldia zuzenean emango dute Berriaren webgunean.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!