Benito Lertxundi: "Disko berriko kantuek ibilbide luzea egin dute oholtza gainean"

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2018ko urr. 16a, 12:30
Benito Lertxundi

Benito Lertxundik (Orio, 1942) ‘Ospakizun gauean’ disko berria argitaratu berri du, eta lan berriaren inguruan aritu da. Besteak beste, lehen aldiz ametsetan entzun zuen abestia izan du hizpide.

BENITO LERTXUNDI - Musikaria

Sei urteren ondoren, Ospakizun gauean disko berria argitaratu duzu. Mimo bereziarekin egindako lana izan al da azkena?
Nik lan guztiekin hartu izan dut ardura beretsua, eta ahalik eta lan txukunena egiten saiatzen naiz beti. Dena dela, egia da denbora dezente pasa dudala oraingoan abestiak heltzen uzten. Badira hiru urte disko berriko zenbait abesti zuzeneko kontzertu- etan eskaintzen ari naizela. Ohitura dut horretarako. Izan ere, kantuak sortzen ditudanean pentsatzen dut oraindik erdizka daudela, eta kantaldietan jotzen ditudanean, pixkanaka-pixkanaka osatzen ari direla iruditzen zait. Esango nuke, disko berriko kantuek ibilbide luzea egin dutela oholtza gainean.

Abesti berriak kontzertuetan eskainita publikoarengan izango duten harrera ezagutu nahi al duzu?
Jendearen aurrean kantatzeko desafioa egoera berezia izaten da, publikoarekin zuzeneko harremana izaten baitugu artistok. Aspaldi konturatu nintzen kantuak ez direla inoiz bukatzen, beren bizitza propioa dutela, eta aldatu egiten dira oharkabean; beste batzuetan, guk ere aldatu ditzakegu, zerbait gustatzen ez zaigunean. Nik uste dut ibilbide hori ona dela. Izan ere, behin grabatzen direnean badirudi kantuak betiko horrela geratuko direla; baina ez da horrela, abestiak egoerak eskatuta aldatzen joaten baitira.

Zuzeneko xarmarekin alderatuta, desberdina izaten da estudioan egin beharreko lana. Gustura geratu al zara emaitzarekin?
Ni ez naiz inoiz gustura geratzen emaitzarekin. Izan ere, bakoitzaren buruan gauzak nola izan behar duten pentsatzen dut, eta iruditzen zait erdi bidean geratzen garela, sentimentu hori izaten dut. Oso bizipen pertsonala da, sentipen hori entzuleek ez baitute jakiten. Gainera, nik estudioarekin harreman garratza dut, ez baitut gustuko bertan egin beharreko lana. Etxean ederki aritzen naiz, baina estudioan gaudenean azken txanpan murgilduta gaudela sentitzen dut. Ez naiz eroso sentitzen, eta ordura arte garbi ikusten ditudan xehetasunen inguruan zalantza sartzen zait, eta aldaketak egiten ditut azken unean. Estudioan bat-bateko erabakiak hartu behar izaten dira, beraz. Bai, eta amaieran ohartzen naiz, disko honetan gertatu zaidan bezala, abestiren batean erabaki txarra hartu edo akatsa egin nuela. Dena dela, jakin badakit norberak bere buruarekin izaten duen debatearen parte dela erabaki okerrak hartzea, zalantza handiak sortzen baitira.

Disko berrian esaterako, badut abesti kuttun bat. Entzuleen artean harrera ona izan badu ere, aitortu behar dut ez dela nire gustura geratu diskoan. Nik beste txinparta bat ikusten nion kartu horri. Izan ere, niretzat oso abesti berezia da, ametsetan entzun bainuen lehen aldiz. Amets horrek asko markatu nau, oso esperientzia maitekorra izan baitzen.

Zer amestu zenuen kontatu al dezakezu?
Bai, ni hileta batean nengoen Orioko zimitorio zaharrean. Neguko ilunabar hezea zen, haizeak Mendibeltz aldetik jotzen duen horietakoa, eta eliza beteta zegoenez, kanpoan nengoen marinel eta emakume batzuekin gozo-gozo berriketan. Amets horretan entzun nuen elizatik kantu bat zetorrela, eta ohartu nintzen ni nintzela abesten ari zena. Esnatu nintzenean, abesti hori nuen ezpainetan, ezin nuen burutik kendu. Gainera, handik ordubetera, landuta nituen letrak errepasatzen hasi nintzenean, ohartu nintzen horietako bat neurri-neurrikoa zela kantuarentzat. Ez dakit kasualitatea edo kausalitatea izan ote zen. Egia esan, ondorengo egunak espiritualki oso atseginak izan ziren niretzat, animikoki eta psikologigoki oso gozoak.

Kasu horretan amets bat izan zen kantuaren iturburua.Dena dela, bestela zein izaten dituzu inspirazio iturri?
Duela 50 urte baino gehiago, [Mikel] Laboak eta biok Barkoxen abestu genuen. Balkoi batetik aritu ginen kantari, garai batean bertsolariak aritzen ziren bezala. Bukatu genuenean, kotxean sartu ginen eta bi neska gazte etorri zitzaizkigun Donostiara eramango ote genituen galdezka. Baietz esan genien, eta bidean gindoazela, gogoan dut, horietako batek abestiak nola sortzen genituen galdetu zidala. Fresko-fresko erantzun nion: «Hortan egonda». Batek zerbaitetan murgiltzea erabakitzen duenean nahi duena lortzen du, talentu gehiagorekin edo gutxiagorekin, baina jardunaz betetzen da helburua. Gogoratzen dut, Laboak nola esan zidan ikaragarri gustatu zitzaiola neska hari eman nion erantzuna.

Gainera, gero eta argiago dut, kanturen bat egiterako orduan bihurrikerietan ibili naizenetan sortu ditudan abestiek badutela naturala ez den zerbait. Jatorragoak iruditzen zaizkit naturalki etortzen diren kantuak.

Disko honek badu beste berezitasun bat, autoekoiztutako lehen lana baita. Nolatan hartu duzue erabaki hori?
Sorkuntza prozesuan murgilduta egoten gara artistok, baina sektore honek badu bigarren alde bat, ekoizpenarena, eta alderdi hori ez dugu ezagutzen. Musikaren industria nire obraren jabea izateak molestia sortzen zidan, eta, asko pentsatu eta gero, disko berria autoekoiztea erabaki genuen, eta berandu bada ere, zigilu bat sortu dugu horretarako.

Musikaren mundua asko ari al da aldatzen?
Musikaren arloan, bizitzan bezala, gauzak aldakorrak dira. Ibilbide honetan zehar, aldaketa sakon asko ezagutu ditut nik, eta horietako bakoitzak garai berrietara egokitzera behartu gaitu. Digital mundua berria da oraindik eta ez dakigu zer garapen izango duen artistaren eskubideei dagokionean. Hala ere, baditu zenbait ondorio. Gaur egun, digitalizazioaren eraginez CDa ez da lehen bezala saltzen, baina ez dakigu biharko egunean zer garapen izango duen eta gertatuko den. Biniloa da horren adibide garbia. Biniloaren heriotza ezagutu genuen; bazirudien historiara igaroko zela, baina gaur egun oraindik badira nostalgikoak berriro ere biniloetan argitatazen hasi direnak, eta saltzen dira gainera.

Euskarria aldatzen bada ere, zuzenekoak beti izango al dira ezinbestekoak?
Musika jendaurrean eskaintzeko sortu da, nahiz eta asmatu zen musika latan sartu eta etxera eramateko modu bat, jendeak bakarka musikaz gozatu dezan. Nire iritziz, zuzenekoa da musika eskaintzeko modurik naturalena, kontzertuetan musikak sortzen dituen emozioak eta sentipenak zailak dira etxean bakarka sentitzea. Nik erreparo handia diot kontzertua kamerarekin grabatzeari ondoren telebistan emititzeko, ezinezkoa baita kontzertu batean sortu den giroa modu horretan helaraztea.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!