Lagun bat atxilotu dute Orioko fruta-denda batean lapurreta egiteagatik

Karkara 2018ko urr. 18a, 12:44

Fruta-denda. Artxiboko argazkia.

Ertzaintzatik jakinarazi dutenez, 20 urteko gizonezko bat atxilotu dute gaur goizaldean Orion. Agenteek, dirudienez, fruta-dendako sarrerako atea behartzeko erabili duen bihurkinarekin eta linternarekin harrapatu dute gaztea.

Gaur goizaldeko 02:00ak aldera, herritar batek Ertzaintzara deitu du Orioko fruta-denda batean lapurretan ari zirela esanez. Dirudienez bi gazte, txapela eta eskularruak jantzita, dendako sarrerako atea behartzen ari ziren. 

Ertzaintzatik jakinarazi dute, polizia-patruila dendara iritsi denean, gizonezko bat aurkitu dutela zutabe baten atzean ezkutatuta, eta eskuan bihurkin bat eta linterna bat zituela. "Ertzainek egiaztatu dute behartuta zegoela fruta-dendako atearen sarrailako bonbina eta kolpe bat zuela beheko aldean. Horrez gain, ohartu dira susmagarriaren ibilgailua inguruan aparkatuta zegoela, segur aski delitua egin ondoren ihesa errazteko".

Agenteek atxilotu egin dute identifikatutako pertsona, eta nabarmendu dute beste lapurreta batzuengatik delitu-aurrekariak dituela gazteak. Polizia-eginbideak amaitutakoan, atxilotua epailearen aurrera eramango dute.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!