Iranera egindako bidaiaren argazki erakusketa jarri du Olasagastik Salatxo tabernan

Karkara 2018ko urr. 29a, 18:08

Joxemari Olasagasti eta Maria Pilar San Sebastian 2016an Iranen izan ziren, eta iritsi orduko kontrastez beteriko herrialdeak harrapatu egin zituen. Hiru mila argazki inguru atera zituen oriotarrak bidaian, eta Salatxo tabernako erakusketarako dozena bat irudi aukeratu ditu.

Joxemari Olasagastik Iranera egindako bidaiaren argazki erakusketa jarri du ikusgai, Orioko Salatxo tabernan. Orain arte oriotarrak arraun argazkiak aurkeztu izan ditu jendaurrean, baina oraingoan argazkilariaren beste alderdi bat ezagutzeko aukera izango dute herritarrek. "Arraun elkarteari laguntzen diot argazkiak ateratzen eta horiek artxibatzen, eta urtero irailean erakusketa jarri ohi dugu Salatxo tabernan. Arrasaten ikasten ari nintzela, 70 hamarkadan, murgildu nintzen argazkilaritzan, eta ordutik kamera eskuetan batetik bestera ibili izan naiz", adierazi du.

Olasagastiren arraun zaletasuna ezaguna da herrian, baina badu besterik, bidaiatzea. Munduko hainbat herrialde bisitatu ditu Maria Pilar San Sebastian emaztearekin, eta 2016an Iranen izan ziren; iritsi orduko kontrastez beteriko herrialdeak harrapatu egin zituela aitortu du Olasgastik. Hiru mila argazki inguru atera zituen bidaian, eta Salatxo tabernarako aukeraketa txiki bat egin du.

"Ezusteko atsegina"
Olasagasti eta San Sebastian 1987an Uzbekistanen izan ziren Zetaren Bidea ezagutzeko. "Jakin bagenekien Iran falta zitzaigula ibilbidea osatzeko, baina gora-behera politiko asko bizi izan ditu herrialdeak azken hamarkadetan, eta ahaztuta izan dugu oporrak pasatzeko helmuga gisa. Hala ere, egoera baretu zenean, joatea erabaki genuen".

Iran ezagututa, mendebaldeko komunikabideek herrialdearen inguruan ematen duten ikuspegia okerra dela uste du Olasagastik. "Hasieran ez genekien zer aurkituko genuen bertan, eta kezka pixka batekin joan ginen, baina ezusteko atsegina hartu genuen, oso herrialde lasaia baita. Bertako herritarrak oso atseginak dira eta jakin min handia dute. Horrez gain, oso aberatsa da kultur arloan, eta tradizioa eta modernitatea uztartzen ditu".

Bidaia bikaina izan zela aitortu du Olasgastik, baita Iran ezagutzea gomendatuko liekeela herritarrei. "Dena dela, kontutan izan behar da Trump presidenteak indarrean jarri duen lege berriaren arabera, 2011tik Iranen, eta beste sei herrialdetan, izan direnek ezin dutela Ameriketako Estatu Batuetan sartu. Guk oporretara joan nahiko bagenu, AEBk Madrilen duen enbaxadan egindako bidaiaren azalpenak eman beharko genituzke eta baimen berezi bat lortu beharko genuke".

Ikusi jarraian Joxemari Olasagastiren hainbat argazki.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!