2019rako tasak eta zergak onartu ditu Orioko Udalbatzak

Karkara 2018ko urr. 31a, 12:15
Dikeko eta kofradiako hirigintza planaren inguruan ere eztabaidatu zuten astearteko udalbatzarrean. (Joxe Mari Alkorta)

EAJk, PSE-EEk eta Orainek ordenantza fiskalen alde bozkatu zuten, baina EH Bildu ez zen ados agertu. Bestalde, eskarien eta galderen atalean, Dikeko etxe-jabeek hartu zuten hitza.

2019ko urtarrilaren 1etik aurrera eragina izango duten ordenantza fiskalak onartu zituen Orioko Udalbatzak astearte iluntzeko udalbatzarrean. Oro har, zergak eta tasak %2,2 igotzea, Euskadiko KPIaren abuztuko datua, edo berdin mantentzea proposatu zuen Udal Gobernuak. EAJk, PSE-EEk eta Orainek aldeko botoa eman zuten, baina EH Bildu ez zen ados agertu.

ZERGAK
- Ondasun higiezinen zerga hirilurrean. Eremu tertziario edo industriaguneetan berdin mantenduko da, karga tipoa %0,3964koa. Gainontzeko higiezinentzat %0,1914 karga tipoa ezarriko da; %2,2ko igoera izango du. 

- Orioko jarduera ekonomikoen gaineko zerga, izaera urbanoko lurren balioaren gehikuntzaren gaineko zerga eta eraikuntza eta instalazioen gaineko zerga berdin mantenduko dira.

- Trakzio mekanikodun ibilgailuen gaineko zergak %2,2ko igoera izango du.

TASAK
- Danbolin Musika Eskola. 2018ko maiatzaren 29ko udalbatzarrean zehaztutako tarifak txertatuko dira.

- Udal Kanpineko tarifek %2,2 igoera izango dute.

- Udal Kiroldegiko tarifak eta tenis, padel eta squash pisten tarifak % 3 igoko dira .

- Arraunetxeko instalazioak erabiltzeko tarifak %4,8ko igoera izango du.

- Udal Ludotekaren tarifa bakoitza bost eurotan igoko da.

- Ile apaindegiko zerbitzu bakoitzean gutxienez 5 zentimo eta gehienez 40 zentimoko igoera onartuko da.

- Donejakue Bidearen Interpretazio Zentroaren erabilera tarifak hurrengoak izango dira: Helduek 50 zentimo, langabeak eta 12 urtetik beherakoek doan, eta 12 urtetik gorako gaztetxoek eta erretiratuek 20 zentimo.

- Aipatu ez diren tasek, 2018ko prezio bera izango dute.

TASA BERRIAK
- Etxez etxeko laguntza zerbitzua: lanegunetan gehienez 15 euro orduko, eta asteburuetan eta jai egunetan gehienez 18 euro orduko.

- Arraunetxeko areto nagusiak udal kiroldegiaren kantxaren ekitaldietarako erabilera tarifa bera izango du.

- Tren Txutxuaren tarifak: 3 urtetik beherakoek doan, eta gainerakoek joan-etorria 1,5 euro.

EH Bilduko bozeramile Emeterio Iribarrek ezezko botoaren arrazoiak eman zituen. "2011-2015 agintaldian EAJk askotan argudiatu zuen, egoera ekonomikoa kontutan hartuta, herritarrek ezin zutela bere gain hartu zergen eta tasen igoera. Hala ere, 2015eko datuak erreferentziatzat hartzen baditugu, agintaldi honetan zuzeneko zergek %16ko igoera izan dute, eta tasek %31koa". Bestalde, 2019ko ordenantza fiskalei dagokionean ogasun higiezinen zerga %2,2 igotzea gehiegizkoa iruditu zaio EH Bilduri. "Izan ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi du katastroa %1,5 igoko duela. Horrek esan nahi du etxe-jabeek %3,7 gehiago ordaindu beharko dutela 2019an, eta ez %2,2 gehiago". Gainera, EH Bilduk uste du Orioko Udalaren egoera ekonomikoa ez dela txarra. "Ondorioz ez dugu uste igoera justifikatuta dagoenik", arrazoitu zuen Iribarrek.

PSE-EEko bozeramaile Ana Priedek ere hartu zuen hitza, eta azaldu zuen, Orioko Udalaren 2018ko zerga-bilketa oso ona izan dela;"espero dut irabazi horiek zerbitzuak hobetzeko eta herrian inbertsioak egiteko erabiltzea". Orain udal taldea ere bat etorri zen Priederen iritziarekin, eta gehitu zuten pozik daudela azkenean Arraunetxeko aretoaren erabilerari tarifa bat ezartzea lortu delako. "Denon artean inprobisatutako neurria izan da, baina espero dugu hurrengo hilabetean gaia dagokion moduan lantzea".

 

Eskariak eta galderak
Eskari eta galderen atalean hainbat gai jorratu zituzten udalbatzarrean. Alde batetik, Ana Priede zinegotziak Obra eta Zerbitzu eta Hirigintza batzorde informatibo gehiago egitea eskatu zuen. "Bi sail horiek dira lan karga handiena dutenak, eta hainbat gai zintzilik ditugu aspalditik. Horregatik, garrantzitsua iruditzen zait sarriago biltzea". Ildo horretan, Oraineko bozeramaile Jose Angel Iparragirrek nabarmendu zuen berari ere "ezinbestekoa" iruditzen zaiola batzorde gehiago egitea. "Izan ere, oposizioak informaziorik ez badugu proiektua asko ez dira aurrera ateratzen. Errazagoa da batzordeetan proiektuak denen artean adostea". Eskariari erantzunez, hirigintza batzordeburu Angel Del Hoyok azaldu zuen, datorren astean hirigintza batzordea egitea aurreikusi duela.

Bestalde, Dikeko lur-jabeen ordezkariak ere udalbatzar aretoan izan ziren asteartean, eta eskarien eta galderen atalean hitza hartu zuten. Haserre, salatu zuten Orioko Udalaren aldetik ez dutela Dike eremuko hirigintza plana garatzeko borondaterik ikusten. "Duela hilabete aho batez onartu zenuten hitzarmena, eta aipatu zenuten urrian Gipuzkoako Boletik Ofizialean argitaratuko zenutela, baina azaroan sartzera goaz, eta ez da aurrera pausurik eman. Oztopoak jartzen ari zaretela iruditzen zaigu".
 
Joxe Angel Zaldua alkateak jakinarazi zien, gaur eguerdian aholkulari juridikoarekin gaia ixteko bilera egingo dutela udaleko ordezkariek. "Mamian denok ados gaude, baina ohartu gara xehetasun batzuk ez daudela argi, eta zuzenketa txiki batzuk egin behar ditugu, hitzarmenak segurtasun juridikoa izan dezan. Dena dela, ahal den azkarren hitzarmena Gipuzkoako Boletik Ofizialera bidaltzeko konpromisoa hartzen dugu".

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!