Arantzutik Arantzazura

Erabiltzailearen aurpegia Aloña Iribar 2018ko aza. 1a, 09:00

Aloña Iribarrek KARKARAren 399. zenbakian argitaratutako artikulua.

Esan izan zaio artifiziala dela, ez dela kalekoa, ez dela bizia, ez dela jatorra. Esan izan zaio kasik kimikoa dela, probetetan sortua. (...) Baina denek, baita ezkorrenak ere, nolakotasun bat bera aitortu diote gaur, egia biribil bat, mende erdi pasatsuan urratu duen bidea urratu eta gero: euskara batua, ezer bada, beharrezkoa da (Garbiñe Ubeda).

Euskaltzaindiak ehun urte bete ditu aurten, eta, mendeurrena ospatzeko, hainbat ekitaldi antolatzen ari da euskara ehuntzen lelopean. Urriaren 4tik 6ra, Euskaltzaindiaren XVII. Biltzarra egin zen Oñatiko Arantzazun. Biltzar horretan, 1968an egin zen Arantzazuko Biltzarra ekarri da gogora; izan ere, urrezko ezteiak ospatu ditu aurten Euskara Batuak. Aurretik hainbat ekarpen egin baziren ere, 1968ko biltzarra izan zen Euskara Batuaren mugarri nagusietako bat. Arantzazun jaiotako arrautzatxoa (horrela irudikatu zuen Bernardo Atxagak euskara bere hitzaldi bikainean) lehoi bihurtuta itzuli dela esango nuke Arantzazura.

Eztabaida ugariren artean sortu zen Euskara Batua: txikitandik jasotakoa baztertu eta besteena hartu beharra zioten batzuek; euskeranto modukoa sortuko zenaren kezka zuten beste batzuek; baina, bazegoen batasunaren beharra azpimarratzen zuen taldetxo bat ere. Haiek ziotenez, euskararen enborretiko adarrak dira euskalkiak, eta, adarrak sano izango baditu, enbor sendoa eta osasuntsua behar du. Euskara Batuaren sendotasunak hobeto gordeko ditu euskalkiak ere. Ezin uka arrazoirik ez zitzaiela falta. Helburua argia zen, han-hemengo euskaldunok elkarrekin hizketan hasten garenean ez dezagun berehala jo, maizegi gertatu ohi denez, erdara batura (Koldo Mitxelena).

Ordutik euskara batuak egin duen bidea azaldu, egungoaz gogoeta egin, eta eginkizun dagoena zehaztu dira aurtengo biltzarrean. 80 hizlari (tartean 3 lankide), webgune berritua, 2 ekitaldi, adierazpen bat, hizkera arruntak, hizkera berezituak, tokian tokiko hizkerak, Euskara Batuaren Eskuliburua, 300 bat entzule… Ez dira nolanahiko datuak. Bazegoen bai zer entzun, zer ikasi, zertaz gogoeta egin lasaitasun paregabea islatzen zuen ingurune hartan. Bidea duela 50 urte hasi zuen; jarrai dezagun, bada, beharrezkoa izan den Euskara (Batua) zaintzen, ikertzen, lantzen, ehuntzen.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!