Ez Itxi Begiak elkarteak neguko arropa bilduko du gaur arratsaldean, Grezian dauden errefuxiatuentzat

Karkara 2018ko aza. 15a, 20:00
Joanito Orellak eta Orioko beste hainbat boluntariok egingo dute arropa bilketa plazan.

Gaur, Azaroak 16 ostirala, 17:00etatik 19:00etara bilduko dute arropa, Orioko plazako taxi geltokian.

Ez Itxi Begiak elkarteko kideek neguko arropa bilduko dute Orion, Greziako Lesbos eta Chios uharteetan dauden errefuxiatuentzat. Gaur, ostiralarekin, Orioko Herriko Plazan egingo dute arropa-bilketa; 17:00etatik 19:00etara taxi geltokian izango dira elkarteko boluntarioak..

Ez Itxi Begiak elkarteak neguko kanpaina Zaporeak proiektuarekin elkarlanean martxan jarri du. Izan ere, azaldu dute, Lesbosen 12 mila errefuxiatu daudela eta Zaporeak elkarte soliadarioaren arropa biltegia hutsik dagoela. Bestalde, Chios uhartean 4 mila errefuxiatu daude, baina kopurua handitzen ari da, "astero errefuxiatuz betetako itsasontziak iristen baitira uhartera".

Hotza eta hezetasuna
Haurren, gizonen eta emakumeen neguko arropa bilduko du Ez Itxi Begiak elkarteak Orion. "Neguan hotz handia egingo du errefuxiatu kanpamentuetan eta garrantzitsua da ematen den arropa hotzari eta hezetasunari aurre egiteko modukoa izatea", zehaztu dute. Berokiak, jertseak, galtzak eta neguko soinekoak, oinetakoak, galtzerdiak, txapelak, eskularruak eta barruko arropa jaso nahi dituzte.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!