KARKARAK, 30 URTE

Bejondeizuela, KARKARA

Eli Huegun 2018ko abe. 1a, 18:00

Eli Huegunek Bejondeizuela, KARKARA iritzi artikulua argitaratu du, KARKARAren 400.zenbakian.

Gure adin bueltakook ez dugu KARKARArik gabeko mundurik ezagutu. Beti egon da hor, izan bi astean behin, izan hilero. Guk ez genuen jaiotzen ikusi, baina berak gu bai. Horrek badu xarma berezia.

KARKARAk bidea gurekin egin duen bezala, guk ere berarekin egin dugu. Ikusi dugu atalak aldatzen, azaleko estiloak, frekuentzia, langileak, kolaboratzaileak…

Gogoan ditut txikitako hainbat bizipen. Herritarrei egiten zitzaien galdera gogoratzen dut, eta nola nire inguruko pertsonak ateratzen zirenean oso harro sentitzen nintzen. Elkarrizketa luzeren bat egiten zioten pertsonak zelebritiak ziren niretzat, Goenkalen herriko kaleetan paseatzen grabatzen zituzten pertsonen maila berean.

Ezin ahaztu, internetek honelako zalantzak argitzen dizkigun garaien aurretik, Orio eta Aiako saltokietako telefono zenbakiak errazten egindako lana. Telefono gida partikularra. Apustu egingo nuke makina bat direla ile apaindegian zita modu horretara hartu dutenak.

Bi azal gogoratzen ditut bereziki. Bata, Oteiza hil zenekoa, Zakilaneko aldapako eskultura kandelez inguratuta irudikatu zuena. Oteiza hil da zioen.  Argazki harekin eta hiru hitz soilekin, ezin zitekeen hobeto azaldu gertaerak suposatzen zuena.

Beste azala, KARKARAk 100.zenbakia atera zuenekoa da.  Ziur nago zuetako askok gogoratuko duzuela. Herriko umeak agertzen ziren eskaileratan eserita, KARKARAren ale bana eskuetan hartuta. Hemerotekara joan naiz eta 2001.urtekoa dela ikusi dut. Laster 18 urte. Ai ene! 18 urtek askorako balio izaten dute, eta orduz geroztik KARKARAri beste 300 zenbaki ateratzeko balio izan dio. 400.eraino iritsi gara, alajaina.

Ana Gonzalez de Txabarrik eman zidan kolaborazioak egiten hasteko aukera, hain justu, 18 urte nituela. Bihoaz, bide batez, nire eskerrik beroenak. Aukera eman zidanari bezainbeste eskertzen diet gerora etorri direnei ere, kolaborazioak egiten jarraitu ahal izan dudalako bederatzi urtez. 400 zenbaki, hiru hamarkada. Zorionak posible egin duzuenoi, eta eskerrik asko posible izaten jarrai dezan zuen apurtxoa jartzen duzuenoi. Umetan KARKARAn idatzi ahal izango nuela esan izan balidate, emozioarekin lorik hartu ezinda egongo nintzatekeen. Etxeko kotxe gorria Goenkalen atera zenean baino gehiago.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!